Dantzaleku Sakana atletismo klubak, hainbat babesle eta laguntzailerekin batera, VII. Onddo Lasterketa antolatu du bihar, larunbatean, 12:00etan, Altsasuko feriekin batera. Helburua, besterik gabe, atletismoaz gozatzea da, Dantzaleku, Basoitxi eta San Pedro zelai paraje ederrean barna, onddoak ateratzen diren tokian, hain zuzen.
Onddo lasterketa proba ez lehiakorra da, Sakanan egiten den kross herrikoiena da, izena ematea dohainik baita, eta ez da klasifikaziorik egiten. Lasterketa honekin atletismoa sustatu nahi du Dantzaleku-Sakanak, “zapatilak jantzi eta besterik gabe korrika egitera ateratzea. Egun polita pasatzea da kontua, paraje ederretan korrika eginez, eta sakandarrak bertan aritzera animatu nahi ditugu” adierazi dute.
Emakumeei dei berezia
Aurreko urtean egin zuten bezala, emakumeei parte hartzeko gonbite berezia egin nahi diete. Aurreko urtean 55 emakume animatu ziren onddo lasterketan, eta bide horri eutsi nahi diote antolatzaileek. “Nahiz eta emakumeei probetan ateratzea gehiago kostatu, badakigu korrika egiten dutela. Anima daitezela onddoen lasterketan” adierazi du Dantzaleku Sakanako Peio Bergarak. Aurreko urtean bezala, proba hasi baino lehen aurtengo kamiseta jaso dezatela ohartarazi diete emakumeei, proba kamiseta jantzita dutela korritzeko.
Ibilbidea, guztiondako aproposa
Sakandar guztiei onddo lasterketan parte hartzeko gonbitea egin diete Dantzaleku-Sakanatik. “Horregatik ibilbideak 6,6 km-ko distantzia du, nahiko eramangarria, eta mota guztietako jendea erakarri nahi dugu: lasterketetan aritzen direnak, euren kabuz korrika egiten dutenak baina lasterketetara ateratzen ez direnak, familiartean edo lagunartean aritzen direnak… beti ere lehiakortasunik gabe, asmoa ongi pasatzea delako. Erritmo suabean, mantsoan, altuan… bakoitzak nahi duen bezala” gogoratu dute Dantzalekutik.
12:00etan Altsasuko Foruen plazatik irtengo da proba, eta Pilotajaututik basorako bidea hartuko dute, Otaibarren, Olloetxe eta Zamarretako zubian barna. San Pedrora iritsi eta baso itxitik Dantzalekurako bidea hartuta, Maibelotik plazara itzuliko dira, lasterketa bukatzeko. Aurreko urtean proba oso arrakastatsua izan zen. 255 korrikalarik osatu zuten onddoen lasterketan eta 90 korrikalari gaztetxo aritu ziren kategoria txikiko proban. Izan ere, proba nagusiaren aurretik, 11:00etan, 35. Eskola Arteko Krossa jokatuko da Altsasuko Foruen plazan. 14 urtetik gorako gaztetxoek helduen proban parte hartu ahal izango dute.
Kamisetak eta 105 produktu lote
Proban parte hartzeko ez da kuotarik ordaindu behar, kirola sustatzea baita asmoa. “Horregatik bihotzez eskertu behar dugu babesleek egindako ekarpena, aipatu proba egitea ahalbideratzen dutelako” nabarmendu du Peio Vergarak.
Proba ez lehiakorra denez, ez da sailkapenik ez sari metalikorik egongo. Horren ordez loteak edo opariak banatuko dituzte, Altsasuko feriekin zerikusia duten produktuen loteak. Antolakuntzak onddoen eguneko 270 kamiseta egin ditu eta helmugan banatuko ditu –emakumeek proba baino lehen jaso behar dituzte, proba kamisetarekin jokatzeko– eta helmugan La Vitorianak emandako berlinak eta babesleek emandako edariak dastatuko dira. Horretaz gain, 105 produktu lote zozketatuko dira parte-hartzaileen artean: txistorra loteak (Juan Antonio Galarza), Pate Katealde loteak, Ventorro jatetxeak prestatutako ardo eta garagardo loteak, Patxi Amillanoren gazta loteak… eta, jakina, onddo saskiak.
35. Eskolarteko Krosa, aurretik
Onddoen Lasterketaren aurretik, goizeko 11:00etan, 35. Eskolarteko Krossa jokatuko da Altsasuko Foruen plazako inguruetan prestatutako zirkuituan. Eskola-kirola sustatzeko sortu zuten aipatu proba duela 35 urte orduko Altsasuko 5 ikastetxeek, Iñigo Aritza Ikastolak, Zelandik, Korazonistek, Kaputxinoek eta La Compasionek. Helburu berberekin antolatzen jarraitzen dute, eta prebenjaminak, benjaminak, kimuak eta haurrak ariko dira korrika. Hortik gorako kategoriak Onddoen lasterketan ariko dira. Helburua atletismoa bulkatzea denez, ez da ez sailkapenik ez saririk egongo. Guztiek opila jasoko dute. Iaz 90 gaztetxo aritu ziren.
Izena emateko
www.dantzalekusakana.com web orrian, gaur. Proba egunean, bihar, Altsasuko Gure Etxean.