Altsasuko Udalak feria egunerako prestatu duen egitarauan, hiru dira berritasunak. Alde batetik, zaldi lehiaketan parte hartuko duten abere guztiek Ferialeku kaleko kortetatik plazara arteko joan etorria eginen dute. Ibilbide hori baliatuko dute epaileek euren lana egiteko. Guztira 66 buru izanen dira lehian: hazitarakoak, 12; behorrak pottoarekin, 9; pottorik gabeko behorrak, 18; bi urte bitarteko pottoak, 8; bizpahiru urteko pottoak, 3; bi urte arteko bihokak, 9, eta bizpahiru urteko 7 bihoka. 19 ustiapenetako zaldi eta behorrak izanen dira lehiak, bi ez beste, guztiak sakandarrak.
Beste berritasun bat Zubeztia plazan izanen da. Han Altsasuko lau artzainek euren ardiak ikusgai jarriko dituzte. Horretaz aparte, behi-azienda ikusteko aukera izanen da igandean Altsasun. Zubeztia plazan 50 bat buru izanen baitira. Handik ez oso urrun, Otadiko Kristo Deuna plazan Feriako babesle bihurtu den Lacunza, Calor de Vida enpresak erakusketa zabala jarriko du. Ekoizten dituen sukalde eta bestelako tresnekin batera enpresak eskaintzen duen zerbitzu teknikoaren eta bestelakoen berri emanen dute.
Ohi bezala, Baratzekobide plazan azoka izanen da. Gartzia Ximenez kalean, aldiz, artisau produktuen salmenta eginen da. Honako salgaiak izanen dira: patea, eztia, babarrunak, ogia, pastelak, gazta, kontserbak, txistorra, taloak, txokolateak, hestebeteak…
Egitaraua
Lastailak 17, ostirala
18:30ean Haurrendako jokoak eta txokolatada, Foru plazan. Peñen batzordea.
22:00etan Pilota jaialdi profesionala: 4 eta 1/2ko txapelketa. Burunda pilotalekuan.
Lastailak 18, larunbata
11:00etan Altsasuko ferietako ikastetxeen arteko XXXV. Krosa. Foru plazatik. Dantzaleku Sakana kluba.
12:00etan VIII. Onddo Lasterketa (ez lehiakorra). Irteera Foru plazatik. Dantzaleku Sakana kluba.
12:30ean Kalejira Burundar txistulariekin.
13:00etan Bertso poteoa, Julio Soto eta Eneko Lazkozekin, Foru plazatik.
13:00etan Taekwondo erakustaldia, Burunda frontoian. Bargagain kluba.
15:00etan Peñen bazkaria, Labaderoan.
17:00etan Elkartez elkarteko peñen kalejira-poteoa, auzatea ibilbidean zehar.
17:30ean Erraldoi eta buruhandiak, Iortia kultur gunetik. Bukatzean, japoniar bonbak, Foru plazan
18:00etan Antzerkia: Burutik jota. Trokolo taldearekin Foru plazan.
20:00etan Kontzertua: Orosei eta Erkudengo ama abesbatzak iortia kultur gunean
19:30etik 22:00etara Dantzaldia Laiotz taldearekin, Foru plazan.
20:30etik 21:30era Peñen jaitsiera eta plazara iristea.
22:00etan Zezensuzkoa foruen plazan.
00:00etatik 3:00etara Dantzaldia Laiotz taldearekin, Foru plazan.
Lastailak 19, domeka
9:00etatik 14:30era Ganadu azoka, Ferialeku kalean.
Zaldi lehiaketa, Ferialeku kalean.
Nekazaritzako elikagaien azoka, Gartzia Ximenez kalean eta Foru plazan.
Erreminten eta makinen erakusketa, Otadiko kristo deuna inguruan.
Azoka txikia (arropak, oinetakoak…), Baratzakobide plazan.
Ardi latxa erakusketa, Zubeztia plazan.
Pirinioetako behi erakusketa, Zubeztia plazan.
XXVIII. argazki rallya. Altsasuko Mendigoizaleak.
Sakanako III. arte azoka Iortia kultur gunean.
11:00etatik 13:30era Zaldi lehiaketako sari-ematea, Foru plazan.
17:00etan Familian ikusteko zinea: Khumba la cebra sin rayas.
18:00etan Amateurren pilota jaialdia: palaz eta eskuz Burunda frontoian. Pilotajauku.
19:00etatik 22:00etara Dantzaldia Alaiki taldearekin, Foru plazan.
21:00etan Zezensuzkoa Foru plazan.