Kimak desegitea erabaki du

Guaixe 2014ko urr. 17a, 12:06

Altsasuko euskara taldeak 2011ko ilbeltzaren 9an bere jarduna izoztea erabaki zuen. Bi arrazoi eman zituen orduan: Kimako kideek pilatutako nekea eta euren egitekoa egoki betetzen ari ote ziren zalantza. Kima euskara taldeak bere agurreko oharrean jakinarazi duenez, orduz geroztik Euskaltzaleen Topagunearen kongresuaren bultzada baliatzen saiatu ziren taldea biziberritzeko, baina “erronkari ezin izan diogu behar bezala heldu eta egokiena taldea desegitea dela erabaki dugu”.

Kimako kideek espero dute “Altsasuk luze gabe euskaltzaleen topagune berri eta sendo bat izatea. Altsasun euskararen berreskurapenak euskaltzaleen bultzada behar duelako eta halako erakunde batek hizkuntzaren normalizazioan eragin egokia izan dezakeelako”. Kimak agurrean eskerrak eman dizkie laguntza eman dieten guztiei. Azkenik, altsasuarrak euskaraz hitz egitera gonbidatu ditu, herrian 1502 euskaldun baino gehiago daudelako.

www.altsasukokima.com
Kima euskara taldearen web orrian bere jardun guztia jasoa dago.