Sardiniako Oroseiko Cantores de Santa Maria abesbatza (13 gizon) bisitan izanen da asteburuan Altsasun. Mediterraneoko irlako herri kantuak ezagutzeko aukera izanen da. Makina bat kulturek arrastoa utzi dute Sardinian eta bateko eta besteko arrastoa gelditu da kantatzeko eran. Herri kantak abesteko modu berezia du abesbatza sardiniarrak: borobilean jarrita aritzen dira.
Kontzertua zabaltzeko Erkudengo Ama abesbatza igoko da oholtzara eta Euskal Herriko hiru kantu abestuko dituzte. Publikoa girotu ondoren Oroseiko abesbatzaren txanda izanen da. Haiek izanen dira kontzertuko protagonistak. Emanaldia despeditzeko bi koruak elkarrekin ariko dira Maitia non zira eta Non potho reposare abestiak kantatzen.
Elkartruke baten emaitza da biharko emanaldia, izan ere, 2008ko zubi foralean Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak Mediterraneoko irlara egindako bisita bueltatuko dute horrela sardiniarrek. Hala ere, abesbatzako kide batzuk aurretik Altsasun izanak dira, 2009ko inauteritan Oroseiko inauteriko segizio bat bisitan izan baitzen.
Harrera
Gaur, 17:00etan, Altsasuko Udalak harrera eginen dio Oroseiko abesbatzari, udaletxean.
Egitaraua
Erkudengoa Ama abesbatza
Aurresku
Baldorba
Illunabarra
Oroseiko abesbatza
Hymnu sardu
Bella si cheres vennere
Ave Maria (algherese)
Nanneddhu meu
Su bolu ´e s´astore
Sa crapola
Est mortu su messia
S´aneddhu
Adios nugoro amada
Su nugoresu
Batera
Maitia nun zira
Non potho reposare