Ezkurdia final laurdenetan dago

Guaixe 2014ko urriaren 20a

Arbizuarrak Aritz Lasa 8 tantotan utzi zuen ostiralean Altsasun

Ostiralean pozik atera ziren Altsasuko Burunda pilotalekuan bildu ziren pilotazaleak. Aspek antolatutako jaialdian giro ederra izan zen. Lehendabiziko patidan, Irujok eta Tolosak 22-16 irabazi zieten Altuna III.ari eta Aitor Zubietari. Eta gero lau t´erdiko txapelketako final zortzirenetako partida iritsi zen: Joseba Ezkurdia Aritz Lasaren kontra.

Konfiantza handiarekin zegoen Aritz Lasa. Atarikoan Mendizabal III.ari 22-18 irabazi zion eta final hamaseirenetan Jose Javier Zabaletaren gainetik pasa zen, etxarrendarra 8 tantotan utziz. Presioa Ezkurdiaren gainean jarri zuen. Baina emandakoaren ordaina jaso zuen bueltan Aritz Lasak Altsasun, Joseba Ezkurdia jaun eta jabe izan baitzen. Arbizuarraren sake zitalek eta pilotari eman zion abiadurak K.O. utzi zuten urretxuarra. Ezkurdiak 5 tanto egin zituen sakez eta beste hainbat Lasak sakeen erantzuna eman ondoren iritsi ziren, Ezkurdiari pilota gozoak jarri baitzizkion eskura. Urretxuarrak, gainera, hainbat akats egin zituen. Aldiz, arbizuarrari dena atera zitzaion ongi, akats bakarra egin baitzuen, eta, gainera, Burunda animatzen zuten zaleen babesa izan zuen Ezkurdiak.

Hasieran bi pilotariak paretsu aritu ziren, baina Ezkurdia aurreratu zen, 1-3. Bere pilota berreskuratzearekin batera Ezkurdiak 14 tanto segidan egin zituen, sakeari eta Lasaren akatsei esker. 1-17arekin Lasak sakea berreskuratu, bere pilota motelagoa atera, eta Ezkurdiari erantzun zion: 8-18 hurbildu zen urretxuarra. Baina Ezkurdiak sakea berreskuratu eta bere pilotarekin 22raino joan zen zuzenean.

Olaetxea, hurrengo arerioa
Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkarako sailkatzeko helburua bete du, beraz, Joseba Ezkurdiak. “Gero etor dadila etorri beharrekoa” adierazi du arbizuarrak. Final laurdenetan maila izugarriko arerioak izango ditu Ezkurdiak, bere multzoan Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Olaetxea baitaude. Bigarren multzoan Irujo, Saralegi, Retegi Bi eta Xala edo Albisu daude. Lehenik eta behin, Abel Barriola bidean uztetik datorren Mikel Olaetxearen kontra ariko da arbizuarra, urriaren 24an, ostiralean, 20:00etan, Elizondon (ETB1).