Inoizko Onddo lasterketarik arrakastatsuena

Guaixe 2014ko urriaren 20a

7. Onddo lasterketan 113 emakumeek eta 167 gizonezkok hartu zuten parte, eta 35. Eskola Arteko Krosean 138 neska-mutikok

Pozik. Oso pozik daude Dantzaleku Sakana Atletismo Klubekoak. Eta ez da gutxiagorako. Beste behin errekor guztiak apurtu dituzte Onddo Lasterketarekin. Ferietako larunbatean jokatutako lasterketan 280 korrikalari lehiatu ziren, aurreko urtean baino 25 gehiago. Baina ikusgarriena emakume korrikalarien gorakada izan da. “Lehendabiziko Onddo Lasterketan 6 emakume aritu ziren. Aurreko urtean 55 izan ziren eta sekulako arrakasta iruditu zitzaigun. Eta aurten kopurua bikoiztu da. 113 emakumek parte hartu zuten. Sekulakoa. Eta pozez zoratzear gaude, gure helburua atletismoa sustatzea baita, baina emakumeen parte hartzea bulkatzea, bereziki” adierazi digu Dantzaleku Sakana taldeko Peio Bergarak.

Izan ere, guztia atera zen ongi. Eguraldia, primerakoa. Ibilbidea eta basoa ederra, lohirik gabe eta korrika egiteko elegantea. Foruen plazatik abiatuta, Otaibarren, Olloetxe eta Zamarretako zubitik barna San Pedrora iritsi ziren korrikalariak, Baso Itxitik Dantzalekurako bidea hartuta, Maibelotik plazara iristeko (6,6 km). Edozeinek egiteko moduko proba zen, ez lehiakorra eta sailkapenik gabekoa, helburua korrika egitea baitzen.

Emakumeak bikoiztu
Emakumeen parte hartzearen gorakada zen hizketagaietako bat. “Emakume askok egiten dute korrika, eta probetan ateratzeko beldurra kentzen ari zaie. Gainera, Onddoen lasterketa proba ez lehiakorra da eta emakumea, berez, ez da gizona bezain lehiakorra, parte-hartzea baloratzen du gehiago. Hori izan daiteke emakumearen parte-hartzea bikoiztearen arrazoietako bat. Eta horri gehitu behar diogu korrika egitearen moda puri-purian dagoela. Korrikak halako revivala bizi du. Eta bereziki, Sakanan, mendi lasterketetara animatzen ari da jende asko. Guztia nabaritzen da eta horregatik egin du gora Onddoen Lasterketak. Sekulako arrakasta izan da” gaineratu du Dantzaleku Sakana klubeko kideak.

Proba jokatu bitartean giro ederra izan zen. Bukaeren  La Vitorianak emandako berlinak eta opilak dastatu ziren eta Onddo Lasterketako 270 kamiseta banatu ziren. Antolakuntzak 500 ur botil banatu zituen. Horretaz gain, Juan Antonio Galarzak, Katealde Pateak, Ventorro jatetxeak eta Patxi Amillano gaztek emandako produktuekin 105 produktu lote, Leku Ona jatetxean 4 bazkari eta 3 onddo-saski zozketatu ziren parte hartzaileen artean.

Eskolarteko Krosa ere gora
Onddo lasterketaren aurretik 35. Eskolarteko Krosa jokatu zen, Altsasuko Foruen plazako inguruetan prestatutako zirkuituan. Aurreko urtean 90 neska-mutiko aritu ziren, eta aurten 138. “Duela 35 urteko zenbakietara itzuli gara. Garai hartan 130 neska-mutiko aritzen ziren atletismo eskolan, eta 25 monitore aritzen ginen eurekin. Baina gero, beste kirolen eta eskolaz kanpoko beste jardueren ondorioz, beheraka egin zuen. 138 korrikalari txiki biltzea arrakastatsua da” gaineratu du Bergarak. Bukaeran 120 zumo eta La Vitorianaren 90 berlina eta 90 opil banatu ziren neska-mutikoen artean.