Peio Bergarak urte asko daramatza Dantzaleku-Sakana atletismo taldeko juntan eta Onddo lasterketaren antolakuntzaren ondoren ardurak utziko ditu. “Jende berriari tokia egiteko ordua iritsi da. Urte askotan pertsona berberak gaude juntan eta Dantzaleku-Sakanak erreleboa behar du. Hemendik jendeari deia egiten diot, juntan lan egiteko hurbil dadila. Egun jende askok egiten du korrika, eta ea ardurak hartzen animatzen diren. San Silbestre gertu dago eta taldera hurbiltzeko aukera polita dute” gaineratu du Peio Bergarak. Norbaitek hurbildu nahi badu, www.dantzalekusakana.com web orrian ditu kontaktuak.
Egun 200 bazkide ditu Dantzaleku-Sakanak. Juantxo Azurmendi da presidentea, Juan Luis Maiza idazkaria eta Peio Bergara eta Julian Otaegi dira bokalak. “Taldeak babesa behar du, ideia berriekin etorriko den jendea” nabarmendu du Bergarak. Altsasuarrak urte luze hauetan laguntzaile izan dituenak eskertu nahi ditu. “10 pertsona izan ditut beti alboan edozein ekitaldi edo proba antolatzerakoan. Ez dut izenik eman nahi inor kanpoan ez uzteko, baina bihotzez eskertu nahi diet emandako laguntza eta babesa” adierazi du.