Altsasuko Bargagain Taekwondo eskolak hasi du ikasturte berria. Duela bi urtetik Gerardo Montero da irakaslea (gerriko beltza eta 4. dam). Larunbatean, Altsasuko ferien barruan, taekwondo erakustaldia egin zuten bere ikasleek Baratzekobiden, taekwondoa zer den erakusteko. “Urte askotan maila ona izan zuen Altsasuko Taekwondo eskolak, baina behera egin zuen gero. Aurreko urtean 24 ikasle izan genituen eta gure helburua taldea sendotzea da. Aurten 48 ikasle ditugu, bikoiztu gara, baina oraindik talde indartsuagoa sortu nahi dugu” adierazi digu Bargagaingo klubeko Beatriz Fernandez Santanok.
Probatzeko aukera
Altsasuko Labaderon entseatzen dute Bargagain Taekwondo eskolakoek, asteartetan eta ostegunetan, 18:15etik 20:15era. Gerriko txuritik gerriko beltzeko 2. dam-era arteko maila dute. Eskolak oraindik ateak zabalik ditu. “Entrenamendu orduetan Labaderora agertzearekin nahikoa da. Lehendabiziko bi klaseak dohain dira, probatzeko. Horrela, gustuko duenak jarraitu dezake. 5 urtetik gorako haurrek eman ahal dute izena, eta baita helduek ere, taekwondoak ez baitu adinik” argitu du Fernandezek. Bestalde, aurreko kurtso bukaeran burututako emakumeendako defentsa pertsonalerako taekwondo teknika ikastaroa atzera ere antolatzeko asmoa dute.
4 domina Baza Sporten
Bargagaineko kirolariek Nafar Kirol Jolasetan eta ahal duten txapelketetan parte hartzen dute. Aipatzekoa da maila bikaina eman zutela urriaren 4an jokatutako Nazioarte mailako Baza Sport Txapelketan. Estatu osoko 650 taekwondolari lehiatu ziren aipatu txapelketan. Aurre kadete mailan Ane Gilek urrea lortu zuen, Patxi Bergerak zilarrezkoa, bere pisutik goragoko kategorian lehiatu eta gero, eta lehiaketan debutatzen zuen Aaron Agirretxek brontzezko domina lortu zuen. Kadeteen mailan Yoel Agirretxek debutatu zuen. Lehen borrokaldia irabazi zuen baina nahiz eta lan bikaina egin, ezin izan zuen Nafarroako txapelduna menpean hartu. Bukatzeko, junior mailan Oihane Palomaresek lortutakoa aipagarria da. Bere lehen txapelketa izanda eta Bargagain klubean soilik urte bat aritu eta gero, brontzezko domina kolkoratu zuen -49 kiloko kategorian, nazioarteko taekwondolariekin batera lehiatu eta gero.