Udaberri akaberan osatuko da udal berria. Ordura arte gelditzen diren hilabeteetan Altsasuko PSNk ez du udalean duen bi zinegotzi postuetako bat hutsik izan nahi. Braulio Salvador hilaren 4an bat-batean hiltzean zinegotzi sozialista bakarra gelditu zen udalean: David Medina. Hura zen sozialisten Altsasuko Udalerako zerrendako azkena.
Zerrendan ordezkorik ez zuenez, PSNk kargurako pertsona baten izena proposatu beharko dio Hauteskunde Batzordeari. Hori guztia bideratzen hasi dira dagoeneko sozialistak.
Legegintzaldi mugitua
2011ko udal-hauteskunde zerrendak osatzerakoan Altsasuko Talde Sozialistaren eta Iruñeko zuzendaritzaren artean gatazka sortu zen. Altsasutik proposatutako zerrenda betatu egin zuten Iruñean eta Maria Jose Notario buru eta independente asko zituen beste zerrenda bat onartu zuten.
2012ko ilbeltzean Maria Jose Notariok dimisioa eman zuen. Javier Donlo zinegotziak bere karguan segitu zuen, baina azaroan gaixotasunagatik baja eskatu zuen. Zenbait hilabetez PSNko ordezkaririk ez zen udalean izan, harik eta joan den urteko garagarrilaren 26an Braulio Salvador Calvok (zerrendako bosgarrena) Donloren tokia bete zuen arte.
Altsasuko Talde Sozialistak Salvadorri alderdian baja emateko eskatu zion zuzendaritzari iraila hasieran, zinegotziak “alde bakarrekotasunez” jokatzen zuela iritzita. Baina ez zen halakorik gertatu. Bestalde, bi urte behar izan zituen PSNk Notarioren ordezkoa udalean aurkezteko: David Medinak aurtengo otsailaren 26an hartu zuen zinegotzi kargua.