Tormesko Lazaro itsumutilaren bakarrizketa

Guaixe 2014ko urriaren 24a

Bihar, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean. Sarrera guztiak salduak daude El Brujo ikusteko.

Espainiako Urrezko Mendeko literaturako obra ezagunenetako bat da Tormesko Itsumutila eleberri anonimoa. Autobiografia moduan Tormesko Lazaroren bizitza kontatzen du, jaiotza eta miseriaz jositako haurtzarotik ezkondu artekoa. Pikarokeria eleberrien aitzindari da, hainbat elementuren bidez orduko gizartearen argazkia eskaintzen du. Gizarte haren bizioak eta jarrera hipokritak erakusten ditu; batez ere, apaizena eta erlijiotsuena.

Eleberriaren moldaketa egin zuen Fernando Fernan Gomezek, testua errespetatuz eta hizkuntza egokituz bakarrizketa bat idatziz. Rafael Alvarez, El Brujo, aktoreak jokatuko du Tormesko Lazaro itsumutilaren papera eta bazterkeria, gosea eta haurtzaroko bizipen latzak ekarriko ditu agertokira. Orduko gortearen mundu ofizialaren eta herri xehearen gosearen berri ematen digu, gaur egungo errealitatetik hain urrun ez dagoena. Ironia eta umorea erabilita garai batetik bestera, Lazarotik El Brujora salto eginez. Guztia hitz jario lasai, lirain eta amaiezinean.