Tolosako azokako sukaldea, Sakanan egina

Guaixe 2014ko urriaren 28a

Batuta taldeak egin du eta larunbatero hainbat sukaldarik azokan bertan erositako produktuekin pintxoak eginen dituzte.

Hilaren 18az geroztik Lurretik sukaldera izeneko egitasmoa martxan dago Tolosako azokan. Nafar zubiaren ondoko txokoan larunbatero sukalde bat muntatzen dute eta hainbat sukaldarik azokan bertan erositako produktuak baliatuz pintxoak egiten dituzte, edariarekin batera, 2,5 euroan saltzeko.

Sakanako Birziklaketa Laborategia, Batuta taldea, izan da sukalde hori egin duena. Altsasuko Gure Etxean euren burua aurkezteko egindako barra gustatu eta sukaldea egiteko eskaera jaso zuten Tolosatik. Palet egurrez forratutako burdinazko egitura arina prestatu dute Birziklaketa Laborategiko kideek, sukalde baterako beharrezko arraska, balda eta beharrezko guztiekin.Guztiz bilgarria da eta erabili ondoren paletekin egindako kutxa batean gordetzen da sukaldea.