Suarezek idatzitako Zerua berun album ilustratua kalean da

Guaixe 2014ko urriaren 30a

Castillo Suarez eta Maite Mutuberria Zerua berun liburuaren aurkezpenean.

Maite Mutuberriaren irudiekin argitaratu da Peru Abarka lehiaketa irabazi duen obra.

Markina-Xemeinen ostiralean aurkeztu zuten Peru Abarka lehiaketaren uzta: Zerua berun (Ibaizabal, 2014) album ilustratua. Lehiaketa bikoitza da bizkaitarra, lehenik idazle baten testua hautatzen dutelako. Aurten Castillo Suarezen Zerua berun idazlana aukeratu zuten. Epaileen esanetan, “nabarmentzekoa da lan horrek duen maisutasuna prosaren eta poesiaren artean zangalatraban aritzeko. Paragrafo trinkoak eta irudiz beteak agertzen dira testuan, gristasun itogarritik askatu nahian”.

Testua izanik, lehiaketako antolatzaileek ilustrazio ataleko deialdia egin zuten eta Maite Mutuberria izan zen aukeratua. Epaileek esan zutenez, “Mutuberriaren ilustrazioek mihiseak dirudite, berun kolorea primeran islatzen duten urdinek eta grisek zipriztintzen dituzte orrialdez orrialde giza itxurako siluetak, hegaztienak... Suarezek hitzez kontatzen duen barne mundua irudietara ekarriz”.

Bi sortzaile nafarrak aurkezpen ekitaldian izan ziren eta haien sormenari buruzko argibideak eman zituzten. Aurkezpen ekitaldira joandako herritarrek sortzaileek sinatutako albumekin bueltatu ziren etxera, Liburutegien Egunaren oroigarri ederra eramanez.