Bi autobus modelo berri aurkeztu zituen asteartean Sunsundeguik Madrilen, SC5 eta SB3. Haiek sortzeko joan den urtean Urteko Autokar Onenaren Saria jaso zuen SC7 modeloan oinarritu da Sunsundegui. Enpresatik adierazi dutenez, “kalitatea, fidagarritasuna eta iraunkortasuna” dira autobus modelo berrien ezaugarriak, “bezeroen behar eta zerbitzu behar guztiak asetzen dituztenak”.
Sunsundeguik ibilgailu pertsonalizatuak ekoizteko Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza departamentuaren eskarmentua baliatu du, bertako ingeniaritzak garatua. Ildo estrategikotzat dute hori enpresan. Bestalde, azken teknologiez hornitu dituzte bi modelo berriak eta diseinu ezberdin eta berritzailea erabili dute. Erabiltzaileendako ibilgailuen barruko aldea zabala eta sendoa eskaintzen dute. Biak ere modulagarriak dira, bezeroen eskaerei egokitzeko. Konforta, kalitatea, irisgarritasuna eta mantenuan mailarik onena emateko apustua egin du Sunsundeguik.
SC5
Balio anitzeko autokarra, bere moldagarritasuna eta funtzio ugaritasuna dira bere ezaugarriak. Aldirietako zerbitzu, eskola-garraio edo enpresa-garraiorako sortu da, baina baita distantzia luzeetarako ere. 10 eta 15 metro arteko luzeran eraikitzen dituzte, bi edo 3 ardatzekin.
SB3
Hiri-inguruko eta hiri arteko zerbitzuetarako, distantzia ertainetarako diseinatutako autobusa da. Bere ezaugarrietako bat barruko aldearen modulagarritasuna eta moldakortasuna da. 10 eta 18,75 metroko luzera artean ekoizten dituzte, bi edo hiru ardatzekin eta zoru altu edota sarbide errazarekin.
Jarrera
Hitz hori Sunsundeguiren baloreen adierazpen berria da. “Langile, hornitzaile eta produktuarekin lotura duten guztien jarreraren fruitua da bi modelo berriak aurkeztea. Jarrera onaren isla da”. Etorkizuneko motore gisa “etengabeko hobekuntza konpromisoa, sinergien batzea eta pertsonen talentuan” oinarritu du Sunsundeguik bere jarrera. Eta jarrera horrekin eginen diote aurre erronka berriei.
25 urte autobusgintzan
Sunsundeguik trenekin lan egin zuen sorreratik, baina pasa den mendeko 80ko hamarkadako krisialdiarekin bere negozio aukera dibertsifikatu egin zuen eta autobusen karrozeria egiten hasi zen. Lehen modeloa, Korinto, 1989ko garilaren 11n aurkeztu zuten. Hurrengo urtean hasiko ziren autobusak seriean ekoizten.