Udalak euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza onartu du

Guaixe 2014ko azaroaren 5a

Euskarak eta gaztelaniak berdintasun soziala izan dezaten, euskararen urteetako bazterketa gainditzeko, Altsasuko Udalak tratamendu berezia eta lehentasuna emanen dio euskarari.

Altsasuko Udalaren eskumeneko esparru guztietan euskararen erabilera eta sustapena arautzeko asmoz aurreko asteazkenean ordenantza onartu zen. Helburu hori lortzeko udalak altsasuarrei helaraziko die euskara integrazio eta komunikazio elementua dela. Aldi berean, ordenantzaren bidez bermatu nahi da altsasuarrek erabili nahi duten hizkuntza ofizialean kasu eginen zaiela. Horretarako araudiak euskarak idatzita eta mintzatuta duen erabilera zehazten da. Ordenantzaren asmoekin bat egiten duten euskara sustatzeko bestelako jarduerak bultzatuko ditu udalak. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten, abstenitu ziren PSN eta PP izan ezik.

Herritarrei euskarazko zerbitzua bermatzeko hizkuntza dakiten udal langileek lehen hitza euskaraz egin beharko dute. Euskaraz ez dakitenek langile elebidun bat bilatu beharko dute. Inprimakiak elebitan argitaratuko ditu udalak, euskarari lehentasuna emanez. Eta komunikazioa ere bi hizkuntzetan eginen da. Bakarren batek udalarekin euskarazko harremanak nahi baditu eta hala adierazten badu, hala izanen da. Horretarako, udalak euskaldunen errolda osatuko du. Hartan altsasuarrek borondatez eman dezakete izena.

Lan hizkuntzari dagokionez, udaleko aktak bilera izan den hizkuntzan jasoko dira, baina erabakiak euskaraz ere jasoko dira. Ordenantzak ez du zehazten lanpostu bakoitzaren hizkuntza profila zein izanen den, hori plantilla organikoan zehaztuko du Altsasuko Udalak. Hala ere, udalaren eta haren mendeko erakundeetan langileek euskaraz lan egin eta zerbitzua hizkuntza horretan emateko plangintzak egokituko dituzte.

Ordenantzan ere informatika tresna eta aplikazioak, kanpo irudia, komunikazioa, argitalpenak, Internet, diru-laguntzak emateko baldintzak, kontratazioak, toponimia, hizkuntzaren sustapena eta ekitaldi publikoen nondik norakoak zehazten dira.