Sakanako Mankomunitateak Sakanako Garapen Agentzia (SGA) erakunde publikoa sortu du ibarreko ekonomia garapena sustatu asmoz. Mank-ek eratutako erakunde publikoari atxikitzea aztertu behar zuen Altsasuko Udalak pasa den asteazkenean, baina aukera hori bertan behera gelditu zen, gutxieneko adostasunik ez egotean. Mank-ek sortutako egitura berriak Altsasuren aurrekontuan urtez urte izan dezakeen eragina eta kontrol bitartekoak aztertuko dituzte udalean, baita SGAn ere.
Hasier Gonzalezek (Bildu) bilkuratik puntua kendu eta gaia batzordean berraztertzeko proposatu zuen: “proiektuarendako berarendako interesagarriago iruditzen zait ez gelditzea, eztabaidatzen segitzea eta falta litezkeen kontrol bitartekoak onartzea. Udalak izan ditzakeen zalantzak argitzea”. Aldi beren, gaztigatu zuen: “ezin dugu proiektu hau geldiarazi ekonomia egoera ez delako ona. Akordioak lortu behar dira.
Proiektuaren neurria eta Sakanarako duen garrantzia kontuan hartzea eskatu zuen, “estrategikoa eta ezinbestekoa” dela nabarmenduz. Juan Carlos Orellana (Bildu) zinegotziak, bestalde, gaineratu zuen: “ibarreko ikuspegitik ari gara lan egiten eta Altsasuri bai edo ez esateko eskumena ematea ez da bidezkoa”. Gonzalezek ohartarazi zuenez, “argi izan behar da emaitzak ez direla berehalakoan etorriko eta pazientzia izan beharko da”.
Kezkak
Geroa Baiko Unai Hualdek SGAk udalarendako zein gastu izanen lukeen eta udalak kontrolerako zein bitarteko izanen lituzkeen galdetu zuen. Mank-etik emandako argibideak eskastzat jo zituen Hualdek: “Etorkizunean SGA kanpoko diru iturriekin ahalik eta gehien finantzatutako akzioak egiten saiatuko direla dio. Zehatza dugun bakarra aurtengo gastua da, langileak ordaintzekoa dena, gauza nabarmen gutxi egin behar direlako”. Udaleko interbentorearen txostenean kezka bere egin zuen Hualdek: “epe motz eta ertainera udalak proposatuko diren ohiko eta inbertsio gastuei aurre egiteko gaitasunik izanen duen ez dakigu”.
Berretsi zuen Sakanako garapen estrategia egon behar duela. “Baina eskualde barruan Altsasuk arazo ekonomiko propioak ditu eta, horregatik, SGArako proposatzen diren proiektuak eta gastu konpromisoak aurretik ekonomia sustapen batzordean aztertu behar dira”. Batzorde horretan gai horiek landu eta kontrolatzea proposatu du Geroa Baik, hau da behetik gorako eredua. Bestalde, kuotak zehazterakoan populazioaz aparte herrien sozio-ekonomi egoera kontuan hartzekoa zela ere aipatu zuen. SGAko administrazio kontseiluan dago Hualde: “udaleko batzordean hitz egin ez den proiektuen inguruan ez dut inolako jarrerarik hartuko. Kontseiluan udalaren ordezkaria naiz”. Altsasuko Geroa Baiko ordezkariak eta Mank-eko buru Aitor Karasatorre Muguruza astelehenean trukatu zituzten ikuspuntuak.
Ezker Batuko Arturo Carreño ere kontra azaldu zen: “uste dugu Altsasun garapena eta enplegua sustatzeko Mank-etik ez ditugula nahikoa zerbitzu jasotzen”. Aldi berean, erabakiak Altsasuko Udalaren ekonomia gaitasuna neurri batean hipotekatu lezakeela adierazi zuen, gaineratuz: “garapen partidak bikoiztu eginen lirateke, dagoeneko Cederna-Garalur dagoelako”. Azkenik, Carreñok esan zuen ez zuela ulertzen Altsasuk Mank-en aurrekontuaren %52 ematea altsasuarrak populazioaren herena direnean. Azken hori ukatu egin zuen Gonzalezek, gehiago ordaintzen bada ur ihesengatik dela adieraziz.
Aralarreko Asun Fernandez de Garaialdek kontrol bitartekoei eta azaldu zen gainontzeko guztiari buruzko kezkak benetakoa ziren edo SGA oztopatzeko aitzakia zen galdetu zuen. “Hamar urte daramatzat Sakanako garapenaz hitz egiten den bakoitzean Altsasuren zentralismoa, zilborra, aldarrikatzen dela ikusten. Ez dakit hori dagoen atzean, ibar eta herri klabea”.
Erabakitzeko
Udalak aurtengo aurrekontuetan 41.000 euro bideratu ditu aurten SGArako. Diru hori emateko ibarreko erakunde publikoari atxiki behar zaio. Gonzalezek udalaren aukerak zehaztu zituen: aurtengorako atxikimendua lehenbailehen ematea eta gero hurrengo urteetarako martxa nola egin adostea.
Eguberrietarako
Bilkura berean Dibertigarria, Bateragarria programaren prezioak onartu zituen udalak. Haurrendako eta ezgaitasuna duten gazteendako eskaintza izanen da eguberrietan.
Isilunea
Claudio Salvador hautetsi sozialista hil berria gogoan izan zuten bilkura hasieran zinegotziek, minutu bateko isilunea gorde zuten.