Xaboi-burbuilen magia

Guaixe 2014ko azaroaren 7a

Igandean, 17:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean Clinc! ikuskizuna.

Pep Bou artistak urteetan xaboi-burbuilen eta beste egitura tensioaktiboen hizkuntza ikertu du, antzerkia, mimoa eta xaboi-burbuilez osatutako ikuskizunak sortzeko. Horrek makina bat sari ekarri dizkio. Etzi, Altsasun, Bouk sortutako ikuskizuna ekarriko dute bere konpainiako bi talentu berrik: Isaias Antolin eta Eduardo Telletxeak.

Boutarren hizkuntza propioan beste urrats bat da Clinc! Komikotasun handia duten bi pertsonaia dira protagonista. Antzerki bisuala baino gehiago da Iortian ikusgai izanen dena. Ikuskizunean pertsonen arteko lankidetza oinarri duen jarrera positiboaren aldeko apustua egiten da: isolaturik bizi beharrean, lankidetzan hastean protagonistek mundua ikusteko modua aldatuko dute, eta, kontu ezezagunen beldur izan beharrean, kontu berriak aurkitzeaz gozatuko dute.

Aldaketa horiek eguneroko tresnak erabiltzean agertuko dira: ura, xaboia, hodiak, uztaiak eta ke lurruneko makinak, besteak beste. Protagonistek inguratzen gaituenaren edertasuna ikustea lortuko dute. Aldi berean, errealitatea eraldatzeko duten gaitasunaz eta pertsonen arteko kolaborazioaren onurez jabetu eginen dira.