Aurreko urteko topaketen arrakastaren ondotik, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanako II. Saskibaloi Topaketak antolatu ditu, hainbat laguntzailerekin batera -Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko Udalak, Altsasu eta Irurtzungo Saskibaloi Taldeak eta Andra Mari ikastola-. Aipatu topaketetan premini mailako taldeak ariko dira, 8 urtetik 10 urtera bitarteko neska-mutikoak, Altsasuko Saskibaloi Taldekoak, Irurtzungo Saskibaloi Taldekoak eta Andra Mari ikastolako Saskibaloi Taldekoak. Helburua saskibaloia sustatzea eta Sakanako talde eta neska-mutikoen arteko harremana bulkatzea da. Ez da txapelketa lehiakorra, eta horregatik ez da sailkapenik eginen.
Aurten nobedadeak izanen dira. Azarotik ilbeltzera bitartean jokalariak nahasita ariko dira. Hau da, astebururo talde ezberdinak sortuko dira eta euren artean lehiatuko dira. Eta ilbeltzetik aurrera taldeen arteko partidak jokatuko dira. Partidak igandetan jokatuko dira, Altsasuko Zelandi kiroldegian, Etxarri Aranazko San Donato ikastetxeko pilotalekuan edo Irurtzungo kiroldegian. Zelandin jokatzen direnean bi partidak batera jokatuko dira, goizeko 11:00etan. Aldiz, Etxarri Aranatzen eta Irurtzunen bata bestearen atzetik jokatuko dira, goizeko 11:00etan eta 12:00etan.
Egutegia
Guztira 13 jardunaldi jokatuko dira: Lehendabiziko lau jardunalditan jokalari guztiak nahastuta ariko dira, hainbat talde sortuz. Aldiz, ilbeltzaren 11tik martxoaren 29ra arte jokatuko diren 6 jardunaldietan taldeen arteko lehiaketa izango da. Eta jardunaldiei bukaera polita emateko apirilaren 26an, maiatzaren 10ean eta maiatzaren 24an saskibaloi 3x3 jardunaldiak antolatuko dituzte Etxarrin, Irurtzunen eta Altsasun, azken festa moduan.