Haurrak ilustratzaile

Guaixe 2014ko azaroaren 13a

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak abenduaren 19rako, ostirala, 17:00etan ilustrazio tailerra antolatu du. Izen ematea abenduaren 16ra arte dago zabalik, Altsasuko Iortia kultur gunera jo: 948 564 272 edo iortia@altsasu.net

Irudiak eta testua biltzen dituen publikazioa da album ilustratua. Eta horietako bat sortzeko gonbitea luzatu die Mank-eko Euskara Zerbitzuak Sakanako 6 eta 10 urte bitarteko haurrei. Txikiak Aitziber Alonso ilustratzailearekin eta Yolanda Arrieta idazlearekin ariko dira, album bat nola egiten den frogatzeko. Hitza eta irudia elkartuko dute denen artean eta egindakoaren zatitxo bat bakoitzak bere etxera eramateko aukera izanen dute. Haurrak albumetara gerturatzeko asmoz antolatu du Mank-ek tailerra, Etxepare sariaren egitasmoaren barruan.

Irakasleak
Yolanda Arrieta Lea-Artibaiko Etxebarrin jaio zen eta Usurbilen bizi da orain. Idazketa sortzailearen inguruko tailerrak gidatzeaz gain, zenbait liburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturan zein helduenean. www.nitikgura.com gunean jarrai daiteke bere ibilbidea.

Aitziber Alonso Arte Ederrak ikasi zituen eta urtetan Artelekun eta Galtzagorrin aritu da bera lanak egiten, besteak beste, irakurketa aretoentzako eszenografiak sortzen. Egun ilustraziora dedikatzen da eta bere lan batzuk www.aitziberalonsoilustracion.blogspot.com blogen aurki daitezke.