San Joan baleontzia, zuhaitzen biomekanika aztertzeko

Guaixe 2014ko azaroaren 13a

Astelehenean Dantzalekun elkartu ziren ikerlari eta erakundeetako ordezkariak.

Euskal Herriko Unibertsitatea eta Universidad de Navarra zura ikertzeko lankidetza egitasmo bat ontzen hasi dira Albaola, Itsas Ondarearen Fundazioarekin, eta Sakanako Mankomunitatearekin batera. Baleontzia eraiki bitartean ikerlariek denboran joanean zuhaitzen garapena eta egokitzapena, haien forma ugariak, ikertuko dituzte.

Altsasun Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ingeniaritza Mekanikoko Materialak eta Teknologiak ikerketa taldeko Gustavo Vargas eta Universidad de Navarrako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko Egituren Departamentuko Zuraren Katedrako zuzendari Jose Manuel Cabrero, Donostia 2016ko Raul Perez, Albaolako Xabier Agote, Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterola eta Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu atzo elkartu ziren aurrenekoz.  

Eraikuntzan zuraren erabilera ikertzen ari dira eta unibertsitateko ikerlariak Albaolari ikerketa proiektu batean lankidetza hitzarmena proposatu diote.  “Gure aurreneko erreakzioa Sakanako Mankomunitatea inplikatzea izan zen. Orain proiektuaren diseinu fasean gaude, baina badirudi Sakanak eragina izanen duela egitasmo horretan”, argitu digu Albaolako Xabier Agotek. Asmoa litzateke Albaolako olan zuraren proba leku bat egitea. Zuraren indarrak, egitura aldetik dituen ezaugarriak eta beste ikertzeko.

Egitasmoaz
Unibertsitateko ikerlariek proiektuaren bidez “itsasontziak erabiltzen diren bitartean dituzten eskakizun mekanikoei erantzuteko zuhaitzek dituzten egiturazko soluzioak zein diren gehiago ezagutzea” azaldu digu Vargasek. EHUko irakasleak esan digunez, “bizi-iraupen eta erreprodukzio eskaerei egokitzeko bizidunak etengabe egokitu behar izan dute. Zuhaitzak moduko egitura biologikoen arrakasta bere egitura, morfologia, egokitzapena eta garapenari esker lortzen da”.

Vargasek azaldu digunez, “zuhaitzek egokitze egitura estrategia ugari erabili dituzte, bere material biologikoak eta morfologia eraginkortasunez baliatzeko”. Beraz, “itsasontzi tradizionalen diseinuan eta eraikuntzan zuhaitzen egitura estrategiak ikertuko ditugu. Helburua da “itsas aplikazioetan zuhaitzen aprobetxamenduaren printzipioak zein diren ezagutu nahi ditugu”, Vargasen esanetan. EHUko irakaslearen iritziz, “egitasmoak Sakanako zurerako baliabideei gehienezko probetxua ateratzeko aukera izanen da. Baita baso ustiapen teknikak hobetu eta lortutako ezagutza itsasontzien diseinuarekin eta fabrikazioarekin lotutako konponbideak partekatzeko”.

Hitzarmena
Sakanako Mankomunitateak Albaolaren proiektuarekin bat egin zuen. San Joan baleontziaren bidez Sakanako hariztiak ibarretik kanpo ezagutzera ematea da asmoa. Bi erakundeek hariztien sustapen dinamika bat martxan jarri dute. Hala, baleontzia bisitatzera joaten direnak, ibarreko hariztien berri jasotzen dute. Bestetik, Irurtzunen eta Altsasun erakusketak egin ziren eta, aurten, Lilian Cooper margolari holandarrak Altsasura egindako bisita eta Altsasuko Dantzaleku-Usolarrain dermioan ontzigintzaren interpretazio basoa ibilbidea sortu zen.

Baleontziaz
Garagarrilean hasi ziren Ondartxo ontziolan San Joan baleontziaren errepika eraikitzen. Itsasontziaren hezurdura dena itxura hartzen ari da. Ontzia eraikitzeko Sakanatik 200 haritz eraman zituzten. Bi motatako egurrak behar dira. Tantaiak, edo zuzenak, oholak egin eta itsasontziaren kanpoko aldean jartzeko. Sakanatik hori egiteko eramandako materiala oso ona izan da. Hezurdura egiteko egun makurrak behar dira. Sakanatik eramandako materiala “nahikoa lan ematen ari da, zerrategietan ez dituzte ikusi nahi. Batzuk hondatuak daude. Bere garaian ere hala ariko ziren”, azaldu digu Agotek.