Heldu den asteartean, hilaren 25ean, Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna da. Nafarroako 16 toki erakundek sentsibilizazio kanpaina bateratua egin dute eragina handitzeko asmoz. Horregatik, lelo, irudi, kartel, eskuorri eta adierazpen instituzional bateratua erabili eta egin dituzte.
Sentsibilizatze kanpaina horretarako materiala lortzeko, 13 toki erakunde Nafarroako osasun mentaleko sareko eragileengana jo dute haiek materiala ekoitz zezaten. Hala, gaur, Sarrigurengo Felix Garrido zentroko erabiltzaileak eta profesionalak Altsasura etorri dira haiek egindako 1.000 pinak, esku moreak, ekartzera.
Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkateak egin die harrera. Beste edozeinen modura, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonek herriari euren ekarpena egiteko gai direla adierazi du. Osasun mentaleko zentroetako erabiltzaileen enplegagarritasuna hobetzeko okupazio-lanak bidea izan daitezkeela adierazi dute batzuk eta besteek. Zentroetan materiala ekoizteaz aparte, genero indarkeriari buruzko prestakuntza saioak ere eginen dira, profesional eta erabiltzaileak gaiaren inguruan sentikor bihurtuz.
Erakundeak eta eragileak lankidetzan
Toki erakundeak: Ablitas, Aranguren, Altsasu, Antsoain, Burlata, Cintruenigo, Lizarra, Fustiñana, Ribaforada, Tafalla eta Zizur Nagusiko udalak eta Elizagorria, Lodosa, Mendabia, Sartaguda eta Sesmako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Noain eta Beriain eremuko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak.
Eragileak: Ordoiz Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroa (Lizarra), Arga EPSZk (Iruña), Queiles EPSZ (Turera) –Nafarroako Gobernuaren itunpeko zentroa– eta Felix Garrido EPSZ (Sarriguren) –Nafarroako Gobernu jabe duenak– guztiak AVANVIDA-k kudeatuta.