Eguberritan, Dibertigarria, Bateragarria

Guaixe 2014ko azaroaren 20a

Gaurtik ostegunera arte eman daiteke izena 012 telefonora deituz edo www.alsasua.net atarian.

Ikastetxeetako oporrak direla eta hainbat familiatan lana eta familia ardurak, seme-alaben zaintza esaterako, uztartzeko zailtasunak sortzen dira. Horregatik, eguberriei begira Altsasuko Udalak txikiek eta behar bereziak dituzten gazteak oporrak lagunekin pasatzeko Dibertigarria, Bateragarria programa martxan jarriko du. Jolas, jarduera eta tailerrez osatutako eskaintza egin du abenduaren 22, 23, 24, 26, 29, 30 eta 31n eta ilbeltzaren 2,5 eta 7an.

Esperientzia duten begiraleekin ariko dira 3 eta 12 urte bitarteko haurrak alde batetik eta, bestetik, behar bereziak dituzten 12 urtetik gorako gazteak. Lehenak ludotekan ariko dira eta bi ordutegi dituzte aukeran 8:30etik 13:30era (33 euro) edo 11:00etatik 13:30era (17 euro). Bigarrenak, berriz, Intxostiapunta gazte gunean elkartuko dira, 17:00etatik 20:00etara (33 euro). Udalak hainbat hobari zehaztu ditu, udalaren web orrian ikusgai daudenak.