Altsasuko Udalak aurtengo aurrekontuan Sakanako Garapen Agentziarako (SGA) 41.000 euroko diru saila onartua du. Udalak atzo agentziara atxikitzea bideratzea erabaki zuen. Aurreko bilkuran Geroa Baiko Unai Hualdek SGArako kontrol neurri gehiago eskatu zituen eta, horregatik, udaleko gainontzeko taldeei heldu den urterako SGAren funtzionamendu proposamena aurkeztu die. Altsasuko alkate Garazi Urrestarazuk kontrol neurriak badaudela azaldu zuen: “SGAko aurrekontua udalenak onartu ondoren onartzen dira. Aldi berean, Altsasuko Udalak SGAren administrazio kontseiluan eta Sakanako Mankomunitatearen batzar orokorrean ordezkariak ditu”.
Tasak
Altsasuko Udalak atzoko bilkuran heldu den urterako tasa publikoak bere horretan mantentzea erabaki zuen. Ordenantzei dagokienez, Udaltzaingoak egindako proposamenari jarraituz, udalak berri bat onartu zuen: utziak dauden eta kalean dabiltzan animaliak jasotzeko eta mantentzeko tarifak zehaztu ziren (24 euro jasotzeagatik eta 6 eguneko mantenuagatik).
Bestalde, Dantzalekuko atletismo pisten erabileragatik ordaindu beharrekoa zehaztu zen. Ataboko bazkide direnek dohainik erabili ahalko dituzte. Argia piztu beharra badago, gutxienez 10 pertsona beharko dira. Bazkide ez direnek 1,65 euro ordaindu beharko dituzte. Hileko txartelak 8,25 euro balio du, urtekoak, berriz, 44,3.