Komedia beltz bat ekarriko du bihar Altsasura Suripanta Teatrok, De vacaciones. Denek ulertzeko moduko hizkera erabiliz, konpainiak eguneroko egoerak eta pertsona ezagunak aurkeztuko ditu oholtzan. Baina ez da umore hutsa, zer pentsa ematen duena baizik. Benetako gertaera batean oinarrituta sortutako ikuskizuna da: itxura baizik kontuan hartzen ez duen gizarte batean murgildurik dagoen bikote baten istoria.
Senar-emaztea dira komediako protagonistak. Senarrak lana galdu duenez, bere mundu erosoa kinka larrian gelditu da, baina ez dago prest bere inguruko guztiek galtzaile hutsa dela pentsatzeko. Biek etxean ixtea erabakiko dute guztiei Kariben hilabeteko oporretan daudela sinestarazteko. Itxialdia gogorra izanen da, pertsonaien arteko tirabirez eta, gero eta gehiago, muturreko egoerez betea. Inork ezin du susmatu etxearen barnean inor dagoenik, zantzurik ñimiñoena izanda bere plan guztiek porrot eginen baitute.
Extremadurakoa da Suripanta konpainia eta 30 urteko ibilbidea egitear da. Altsasun antzeztuko duten obra ekoiztu duen 20. da. Taula gainean Pedro Rodriguez, Eulalia Donoso eta Jesus Martin Rafael aktoreak izanen dira, Esteve Ferrerrek zuzenduta eta Migel Murilloren testua interpretatuz.