Gettin Robotikak inbertitzaileei bere proiektua aurkeztu zien

Guaixe 2014ko azaroaren 24a

Lourdes Goikoetxeak

Altsasuko enpresak ostegunean Neotec Innvierte foroaren 13. edizioan parte hartu zuen. Estatu osoan egindako hautaketa baten ondoren, 16 enpresek euren proiektuak aurkeztu zituzten. Guztiak ere oinarri teknologiko berritzailea duten enpresak dira, hasierako garapen-faseetan eta hazten ari direnak, eta kapitala behar dutenak beren prototipoaren garapena amaitzeko, beren produktua hobetzeko edota merkatuan sartzeko, edo beren enpresa-ikuspegiari buelta bat emateko.

Konpainia horien kapitalizazioa lortzeko aipatu foroak arrisku-kapitaleko enpresak, berrikuntzari lotutako inbertitzaileak eta ordezkari instituzionalak elkartzen ditu. Enpresetako ordezkariek haiei eman zieten euren asmoen berri. Gettin Robotika enpresa altsasuarrak forjaketa eta galdategiaren sektorean robotizatutako zelulak garatzeaz eta ezartzeaz arduratzen dela azaldu zien bildutakoei eta garatu dituen makinen berri eman ere.