Ikasleak emakumeenganako indarkeriaren kontra

Guaixe 2014ko aza. 26a, 08:00

Altsasuko lau ikastetxeetako ikasleek adierazpena irakurri eta aurten eraildako 45 emakumeak izan dituzte gogoan.


Altsasuko Udalak bilkuran aho batez onartutako adierazpenari ahotsa jarri zioten atzo eguerdian ikasleek. Aralarko Mikel Donea institutua, Sakana Lanbide Heziketa institutua, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Iñigo Aritza ikastolako 280 ikasle izan dira adierazpenaren irakurketan parte hartu zutenak. Hura irakurri ondoren, aurten estatuan eraildako 45 emakumeen izenak aipatu zituzten. Haien izenak Iortia kultur guneko kristaldegian gelditu ziren. Ikasleak, berriz, barrura sartu ziren emakumeenganako indarkeria salatzeko film laburren emanaldi batean parte hartzera.


Adierazpena
EMAKUMEENGANAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Indarkeriak hamaika aurpegi ditu eta ubeldura horietako bat baino ez da. Ezagutu eta egin planto
Emakumeenganako indarkeria gure gizartearen egitura patriarkalaren adierazpenik bortitzena da. Ez dira kasualitate ekintzak, ezta gertaera isolatuak ere tratu txarrak ematen dituzten gizonen “jabetza” ulertzeko modua, harremanetan ohiko bihurtu den indarkeria, jo-iraindu-hil eta bortxatzen dutenen zentzutasun hotza.  


Jakin badakigu emakumeenganako indarkeria gizarte arazoa eta osasun arazoa dela, baina aldi berean arazo estruktural konplexuago eta izkutuago baten sintoma agerikoa ere bada.
Heriotza edo ubeldurak eragiten dituen bortizkeria, genero indarkeriaren atal bat baino ez da. Baina bada hedabideetan oihartzunik ez duen bestelako indarkeria eta egitura patriarkalak eta jendarte ezberdintasunak irautearen erantzule dena.    


Indarkeria, kolperik ez egon arren, desberdintasuna elikatu eta mantentzen duelako. Hitzetan eta gizartearen ohiko keinuetan izkutatzen den indarkeria, itxuraz heriotzaren aurrean soilik hunkitzen den gizartea.


INDARKERIA BADA: kalean bakarrik ibiltzeagatik beldurrez haztea, zure bikotekideak isiltzeko agintzea, zure iritziak gutxiestea, besteek zugandik erabakitzea, besteek zure gorputzaz iritzia ematea, zure lanerako gaitasuna ez aitortzea, balio bereko lanen aurrean berdin ez kobratzea, kontraturik txarrena beti zuri egokitzea, langabezira joaten lehena izatea, beti gazte eta izugarri egon behar izatea, zuri ez iristea inoiz lanpostuan gora egiteko aukerarik, kontrol hutsa denean sinistaraztea maitasuna dela, zure balioa zure gorputzaren balio sexualera mugatzea, emakumeak amatasunarekin konplitu behar izatea, zuk bakarrik familia zaindu behar izatea; nahikoa dakizula ez aitortzea inoiz, zure kide gizonezkoak gehiago baloratzea beti. Indarkeria da beharrez ikastea koldarra izaten, zurea isiltzen, zalantzan egoten, atzealdeko eserlekuan eseritzen…


INDARKERIA DA emakumeon askatasuna, autoestimua eta garapena suntsitzen dituelako.
INDARKERIA DA ilusioa eta bizitzaren gozamena hiltzen dituelako.
INDARKERIA DA emakumeak menderatu, oinperatu, zapaldu eta baztertzen dituelako.  


Horregatik ADIERAZTEN DUGU
GURE GAITZESPENA ageriko eta izkutuko sexu indarkeriari, adierazpen bakoitzari eta denei (hiltzen duena, ubeldurak uzten dituena eta uzten ez duena ere bai).  
GURE ELKARTASUNA erasoa pairatu duten emakumeekiko, eraildako emakumeekiko, muturreko sexu indarkeriaren biktimak baitira. Beraiei eta beren familiei gure babes osoa helarazi.
Gaur, euren bikote edota bikote ohiek aurten eraildako 45 emakumeak gurera ekarri nahi ditugu