Ikurrina kentzearen kontrako protesta

Guaixe 2014ko aza. 28a, 09:53

Larunbatean, 19:00etan Altsasuko Foru plazatik manifestazioa.

Gure ikurren alde. Inposiziorik ez! leloa buru duen manifestazioa eginen da bihar Altsasun. Epaiketa egin bitartean Nafarroako Auzitegi Gorenak Altsasuko Udalari ikurrina behin-behinean kentzeko eskatu dio. Erabaki horren kontra protesta egitera deitu dituzte altsasuarrak.

Geure Ikurren Alde ekimenak Zelai kalean Altsasuko eta Nafarroako banderak eta ikurrina jarri zituen masta banatan otsailaren 23an. Herritarrek jarritako banderak zirela nabarmendu zuten orduan. Banderak jarri eta berehala Jose Javier Esparza Abaurrea Toki Administrazio kontseilaria Altsasuko Udalari ikurrina kentzeko eskatu zion. Nafarroako Ikurren Legea urratzen zuela argudiatu zuen horretarako. Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkateak erantzun zion: “udalak banderak jartzeko baimena eman zuen, baina ez da haien tutore”.

Gobernuak auzitara jo zuen, kautela neurri bezala banderak kentzea eskatuz. Hasiera batean ez zuten neurri hori onartu, baina helegitearen ondoren etorri da hura behin-behinean kentzeko epaia.  

Batzarra
Ostiraleko Burunda pilotalekuan egindako batzarrean 200dik gora altsasuar elkartu ziren. Han Altsasun ikurrinaren aldeko dinamika bat martxan jartzea erabaki zen. Etxeetan ikurrinak zintzilikatzeko gonbitea luzatu dute eta biharko manifestazioa ere deitu dute.