Tren geltokiaren 150. urteurreneko erakusketa

Guaixe 2014ko abenduaren 2a

Gaurtik 21era astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

Agorrilaren 15ean mustu zen Altsasuko tren geltokia eta horrekin batera zabalik gelditu zen Madril eta Irun arteko trenbidea. Urteurrena dela eta hamar trenzale altsasuarrek erakusketa prestatu dute Iortian. Trenak ibili ahal izateko ogibide ugarien lan tresnak eta jantziak ikusgai jarriko dituzte. Haiekin batera trenak martxan izanen dituen maketa bat ere izanen da ikusgai. Argazki zaharrekin batera Jesus Ignacio Miguel Amoztegiren koadroak ere ikusgai izanen dira. Baita trenarekin erlazioa izan duten emakumeen testigantzak ere. Gaur 18:00etan zabalduko da erakusketa eta jubilatu elkarteko abesbatza ariko da kantuan.

Aldaketa ekarri zuen garraiatzeko moduan, baita Altsasura ere. Mandazainen ordez ikatzarekin elikatzen ziren burdinezko erraldoien garaia iritsiko zen. Altsasuko populazioa azkar haziko da (1860an 1436, 1877an 2.259) eta bizi ohiturak aldatu eginen dira (1863an euskaldunak %90, 1930ean %50). Iruñeko eta Castejongoarekin batera Altsasukoa Nafarroako tren geltoki nagusietako bat zen. Horren adierazgarri herrialdeko agintariak askotan Altsasura etortzen zirela Donostiarako bidean joaten ziren estatu agintariekin bilerak egiteko.

Kronologia laburra
XIX. mendea Aurreneko trenbideak jarri ziren Europan.
1855 Espainiako Gobernuak Trenbideen Lege Orokorra onartu zuen. Madril-Irun
trenbidearen ibilbidea zehaztu zen.
1858 Compañia de los caminos de hierro del norte enpresa sortu zen.
1863 Altsasuko tren geltokiaren eraikuntza bukatu zen.
1864-08-15 Altsasuko tren geltokia mustu zen.
1841 Gerraren ondoren tren konpainiak ondoa jota zeuden, eta Estatuak RENFE sortu zuen.
1955-1995 Enpresa ugarik euren ekoizpenak bidaltzeko erabili zuten trena. Bidaiari askoren abiapuntua ere izan zen.

Hitzaldiak
Burdinezko zalditik zilarrezko gezira
Abenduaren 10ean, asteazkenean, 19:00etan Iortia kultur gunea. Hizlaria: Juan Jose Martiarena Ruiz.

Abenduaren 18an, ostegunean, 19:00etan Iortia kultur gunea. Hizlaria: Fernando Diez Gonzalez.