Ilbeltzean etxegabeen aterpeak araudia mustuko du

Guaixe 2014ko azaroaren 27a

Zerbitzuaren kudeaketa emateko deialdia egin du udalak eta abenduan hobekuntza lanak eginen ditu.

Altsasuko Udalak etxegabeen aterpeko zerbitzua emateko deialdia egin du eta interesatuek euren eskaerak abenduaren 9ra arte aurkeztu dituzte. Zerbitzuaren truke udalak 28.556,08 euro emanen ditu. Aurreko deialdietan baino aurrekontu handiagoa da, hartzaileak afari eta gosarietarako jakiak erosi beharko dituelako. Kontratua urte bateko iraupena izanen du, laura arte luzatu daitekeena; beti ere, kaputxinoek lokala uzten segitzen duten bitartean.

Bestalde, Altsasuko Udaleko Ongizate Batzordeak zerbitzurako araudia prestatu du, hilaren 19ko udal bilkuran onartu zena. Orain arte ez zegoen halakorik. Zerbitzuan aldaketak izanen direla, eta hura kudeatzeko deialdia egina dagoela baliatu du udalak ilbeltzean araudia indarrean jartzeko. Araudiak lau kapitulu eta 18 artikulu ditu. Haien bidez zerbitzuaren helburua eta izaera arautzen da. Araudian zehaztuak gelditu dira erabiltzaileek izan beharreko ezaugarriak, eskaintzen den zerbitzua eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

Batzordeko buru Unai Hualdek esan digunez, “gizarte zerbitzuetako teknikarien laguntzaz zerbitzuak ahalik eta gehien definitzen saiatu gara. Helburua gutxieneko zerbitzuak zehaztuak gelditzea izan da”. Aldi berean, Hualdek nabarmendu du orain arte ez zegoen jarraipen batzordea sortu dela: “udaleko batzordeko kideez aparte, gizarte zerbitzuen mankomunitateko teknikariak osatuko dugu”. Azken horren parte hartzearen garrantzia azpimarratu du zinegotziak.

Hiru zerbitzu
Lehena, informazioa eta harrera da. Zerbitzu horren egitekoen artean daude: erabiltzaileez arduratzea, informatzea eta identifikatzea; garraio- eta asistentzia-zerbitzuen berri eman; sarrera-irteera kontrolatzea eta araudia betetzen dela zaindu; beharrezkoa izanez gero Udaltzaingoarekin eta Foruzaingoarekin harremana mantendu; etxegabeen erregistroa kudeatu; urteko memoria osatu eta udalak eskatutako agiriak egin.

Bigarren zerbitzua ostatu ematea eta mantenua da, egin behar zehatzekin: erabiltzaileak gelan kokatu; etxegabeendako afariak eta gosariak prestatzea eta aterpeko jangelan zerbitzatzea eta otorduetarako beharrezko garbiketa eta prestaketak izanen dira. Afariak, normalean, 21:30ean emanen dira. Beranduago sartzen direnendako, 23:30ean. Gosariak, berriz, 7:30etik aurrera emanen dira. Otorduetako menuak ere zehaztu ditu udalak eta edozein aldaketa Udalaren Ongizate Batzordearen oniritzia beharko du.

Azkenik, higiene zerbitzua dago, honako zereginekin: egunero aterpeko altzariak, komunak, dutxak garbitzea, erratza eta zoru-garbitzailea pasatzea eta hondakinak ateratzea; oheak egin, maindireak eta toailak egunero garbitu eta beharrezko mantak eta izarak berritu; garbigarriak erosi; argi, ur eta bestelako zerbitzuen giltzen kontrola eta aterpean tenperatura egokia mantentzea.

Hiru hilean behin egin dezakete lo etxegabeek Altsasuko aterpean. Arduradunak hala eskatuta salbuespenak onartu ditzake udalak. Aterpea ilbeltzaren 1, 5 eta 6an, garilean, festetan eta abenduaren 24, 25 eta 31n itxita egonen da.

Hobekuntza lanak
Udan komunak berriztatu dira, sarrerako kartelak ere eta aterpe guztia margotu da. La Caixaren gizarte ekintzaren bidez egin da hori. Baina gehiagoren premia sumatu dute udalean. Izan ere, kaputxinoen komentuko sukaldean prestatzen dira gaur egun etxegabeen aterpean ematen diren afariak eta gosariak. Baina komentuan dauden bi fraideak adinekoak dira eta beste norabait lekualdatzen badituzte sukaldea erabiltzeko aukerarik gabe gelditu aurretik udalak esku hartzea erabaki du.

Horregatik, afariak eta gosariak prestatzeko bitrozeramika plakak, ke kanpaia, hozkailua eta sukaldeko altzariak eta horiek abenduan jarriko ditu udalak eta 1.827,02 euroko inbertsioa eskatuko dio. Irabazi asmorik gabeko erakundeei eman beharreko diru poltsa bestelako beharretara bideratzea erabaki zuen Altsasuko Udalak eta hau da horietako bat. Bestalde, aterpetxean udalak dituen ondasunen inbentarioa egin da. “Haiek zaindu eta aseguratu beharko dituzte” esan digu zinegotziak.