Altsasuko Zubeztia elkarteak Altsasuko Udalaren laguntzarekin antolatutako Herri Lasterketak 34. edizioa beteko du aurten, eta 31. urtea izango da aipatu lasterketak Alberto Barricarte memoriala izena hartu zuela. Proba herrikoi hau, ohi denez, abenduaren 8an jokatuko da, Ama Birjinaren egunean, astelehenarekin, 11:30ean. Festa eguna da, eta korrikalariendako zita garrantzitsua, San Silvestrearekin batera urteko azken hitzordua izaten baita. Aurreko urtean 219 korrikalarik hartu zuten parte proban, eta Juanjo Igarzabalek (40:36) eta Amaia Insaustik (59:39) irabazi zuten. Antolakuntzak parte hartze polita espero du.
12,4 km
Herrian barna antolatutako zirkuituari lau buelta eman beharko dizkiote korrikalariek, guztira 12,4 km. Goizeko 11:30ean abiatuko da lasterketa, Zubeztia elkartearen albotik. Foruen Plazatik, eta Ferial eta Lapurbide kaleetatik barna Larrainbidera helduko dira korrikalariak, Zubeztia kalea pasatu eta gero Zelai kalea igotzeko. Zelai kaleko goialdean buelta hartu eta Isidoro Melerorantz joko dute lasterkariek, Araba eta Idartzagain kaleetatik Auzobidera heltzeko, eta handik Alzania kalea hartzeko. Alzania kaletik San Juanera iritsiko dira korrikalariak eta bertatik Zubeztia elkartera joko dute, udaletxe aurrera, hura izango baita helmuga. Aipatu zirkuituari lau buelta eman eta gero despedituko da proba.
Izena ematea egunean bertan
Izena ematea dohainik da. Aurretik www.dantzalekusakana.com web gunean egin daiteke edo egunean bertan, lasterketa baino lehen, 10:00etatik 11:30era, Gure Etxean. Bi kategoria izanen dira: 18 eta 39 urte arteko emakumeak eta gizonak, eta 40 urtetik goragoko emakumeak eta gizonak. Bukaeran Zubeztia elkarteak hartuko du sari ematea, eta bildutako guztiendako auzate ederra izanen da. Gainera, sariak zozketatuko dira.
Sakanako atletismo kopako azken lasterketa
Lasterketa honekin Sakanako X. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariari bukaera emango zaio. Momentuz gizonezkoetan Javier Moreno altsasuarra da lehena. Atzetik daude Francisco Javier Gomez eta Iban Gonzalez eta Sergio Garcia de Eulate, puntutan berdinduta. Emakumezkoetan Izaskun Beunza dago buruan, Maite Zabaletaren eta Haizea Ramirez de Aldaren aurretik.