Futbolak Altsasun jarraitzaile ugari dituela gauza jakina da, eta Sociedad Deportiva Alsasua taldea da herrian futbola jorratzen duena. Aurten 235 jokalari daude izena emanda Sociedad Deportiva Alsasua kirol taldean, aurrebenjaminetatik hasita erregional mailara bitarteko taldeetan, guztira 15 talde. Astelehenean 2014-2015 denboraldiko aurkezpena egin zuten Dantzalekun.
Kategoria txikienak Sakanako Kimuen Futbol Jardunaldietan lehiatzen dira, haurren eta kadeteen mailakoak Nafar Kirol Jolasetan eta jubenilak eta erregional mailakoak Nafarroako Futbol Federazioko txapelketetan. Sociedad Deportiva Alsasuako presidente Pablo Lopez Colina pozik dago futbolak Altsasun duen erantzunarekin eta helburuak betetzen ari direla nabarmendu zuen, erregional mailako taldea igoera fasean sartzeko borrokan dagoelako eta gainontzeko kategorietan Altsasu maila bikaina ematen ari delako.