Mende eta erdi tren

Guaixe 2014ko abenduaren 10a

Erakusketa abenduaren 21era arte astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

Joan den asteko asteartean mustu zuten Trenak Altsasun egin dituen 150 urteurrenari buruzko erakusketa. 1864ko agorrilaren 15ean mustu zuten tren geltokia eta bost egun geroago hasi ziren trenak burutzen duen Madril eta Irun arteko ibilbidea egiten. Orduz geroztik asko izan dira han lan egin dutenak eta askok tren geltokiko oroitzapenak mantentzen dituzte.

Astearteko mustutze ekitaldian asko ziren oroitzapenak. Azaldu zigutenez, trena gelditzean geltokiko jantokiak bidaiari askori ematen zien egunero bazkaria edo afaria. Antonia Tobar sukaldariaren ospea handia zen eta iruindar batzuk ere ezkontza bazkaria tren geltokiko jatetxean egin zuten.

Socorro Fernandezek 11 urte egin zituen garbitzen. 1982an “mugimendu handia” zegoela azaldu zuen. “Langile asko eta giro ona genuen. Erabiltzaile asko zeuden”. Pablo Sarasatek Madrilera edo Parisera joan behar zuenetan Altsasun gelditu beharra zuen. Tren geltoki ondoko Fonda Pio Sayas en ostatu hartzen zuen. Fernando Sayasek azaldu zigunez: “urte guztirako zuen gela erreserbaturik. Gauez trenik ez zenez, han lo egiten zuen. Senideek, Encarnak eta Pacok, Sarasatek utzitako partiturak jotzen zituzten”.

Trenean edo trenbidean aritutako eta ari diren hamaika altsasuarren ekimenez antolatu da erakusketa: Beatriz Montesinos, Javier Mazkiaran, Fernando Sayas, Blanki Torres, Arturo Carreño, Gregorio Sanchez, Migel Jorge, Carmelo Llena, Luis Perez, Juan Carlos Calleiras eta Jesus Ignacio Migel. Haien ogibideari lotutako tresneria eta jantziekin batera, argazki zaharrak, Begoña Salazarrek prestatutako liburu bat, Migelen koadroa, tren lokomotora baten maketa eta bi metroko luzera duen maketa bat daude ikusgai.

Lokomotora txikia
Esteban Zornozak azken bost urte eta erdi luzeetan egindako baporezko tren baten maketa ikusgai dago erakusketan. 1975era arte erabili ziren Mikado 141-R lokomotoraren maketa da Zornozak egindakoa. Michelinen eta Altsasuko enpresa batean zuzendari tekniko arituta, jubilatutakoan ekin zion maketa egiteari.

2005ean Donibane Lohitzunen opatu zituen 1:11 eskalako planoak. Ordenagailura pasatu eta laserraren laguntzaz piezak mozten eta muntatzen hasi zen. Baporezko lokomotora bost hazbeteko trenbide baten gainean ibili daiteke. Horretarako trenbide zirkuitua behar da. Muntatzeko falta dena jarri eta apirilerako martxan jarri nahi luke maketa.

Eskolako leihotik trenak ikusten zituen, eta hala zaletu zen maketagilea trenekin. Zornozari laguntzen aritu dira: Sebastian Azanza, Fernando Albiztur eta Javier Roncal. Behar bezala muntatzeko Bergaran aritu ziren Felipe Uriarte eta Jose Mari Rubio.


Emakumeak
Erakusketaren atal batean tren geltokian lan egin zuten emakumeen berri ematen da. Han ageri dira: Antonia Tobar (sukaldaria), Consuelo Salinas eta Maria Altolagirre (liburu saltzaileak); Tere Guridi, Maritxu San Roman, Teodora Maiza, Ricarda Martin, Mikaela Azurmendi, Cipriana Santano, Ana Diaz, Amelia Carabias, Socorro Fernandez eta  Celsa Lopez (garbitzaileak);  Felisa Mateo eta Piedad Alonso (komuna garbitzaileak), Soledad Aizkorbe (barrerak igo eta jaitsi); Julia Ramos Peña (tabako saltzailea); Marisol Gonzalez de Pedroso (praktikantea); Gloria Imaz (interbentorea); Blanki Torres (geltokiko espezialista); Mari Mar Garcia eta Elena Nistal (faktorea); Pilar Reyero (segurtasun azpiegituretako ofiziala) eta Livia Carrillo (komunikazio ofiziala).


Hitzaldiak
Burdinezko zalditik zilarrezko gezira
Abenduaren 18an, ostegunean, 19:00etan Iortia kultur gunea. Hizlaria: Fernando Diez Gonzalez.