Perez Hurtado udalera bueltan

Guaixe 2014ko abenduaren 11

Altsasuko Talde Sozialistak bere idazkari Juan Miguel Perez Hurtado aukeratu du Braulio Salvado Calvoren ordezko izateko, sozialistek udalean dituen bi zinegotzietako postu bat betez. Zinegotzi sozialista zena lastailaren 4an hil zen. Hura Altsasuko udal politikako beterano batek ordezkatu du. Kargua hartzeko epeak kontuan izanik, Perez Hurtadok heldu den urtean ekinen dio bere zinegotzi aldi berriari. Legegintzaldia udaberri akaberan despedituko da.

Legegintzaldi mugitua
2011ko udal-hauteskunde zerrendak osatzerakoan Altsasuko Talde Sozialistaren eta Iruñeko zuzendaritzaren artean gatazka sortu zen. Altsasutik proposatutako eta Perez Hurtado buru zuen zerrenda betatu egin zuten Iruñeko zuzendaritzatik eta Maria Jose Notario buru eta independente asko zituen beste zerrenda bat onartu zuten.

2012ko ilbeltzean Maria Jose Notariok dimisioa eman zuen. Javier Donlo zinegotziak bere karguan segitu zuen, baina azaroan gaixotasunagatik baja eskatu zuen. Zenbait hilabetez PSNko ordezkaririk ez zen udalean izan, harik eta 2013ko garagarrilaren 26an Braulio Salvador Calvok (zerrendako bosgarrena) Donloren tokia bete zuen arte.

Altsasuko Talde Sozialistak Salvadorri alderdian baja emateko eskatu zion zuzendaritzari 2013ko iraila hasieran, zinegotziak “alde bakarrekotasunez” jokatzen zuela iritzita. Baina ez zen halakorik gertatu. Bestalde, bi urte behar izan zituen PSNk Notarioren ordezkoa udalean aurkezteko: David Medinak 2014ko otsailaren 26an hartu zuen zinegotzi kargua. Bestelako desadostasun eta bajengatik Olatzagutiko Udaleko sozialisten hiru zinegotzi postuak hutsik daude.