Aurretik filmetako soinu bandak jo izan baditu ere, estreinakoz, bihar Haize Berriak bandak kontzertu osoa eskainiko dizkie haiei, irudiak laguntzen dituzten doinuei. John Willians konposatzailearen lanean oinarritu dira biharko emanaldia osatzeko. Haren sinadura dute, besteak beste, Star Wars, Harry Potter, ET, Superman, Indiana Jones eta beste hainbat filmetako doinuak. Willians bost Oscar sariren jabe da. Bihar Altsasun aritu ondoren, bi bandek Zumarragako Zelai Arizti aretoan joko dute etzi, 13:00etan.
Sakanako Haize Berriak banda eta Zumarragako banda eskuz esku ariko dira emanaldian. Guztira 70 musikari, emanaldia irailetik prestatzen ari direnak. Haiekin batera Irurtzungo, Lakuntzako, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olatzagutiko musika eskoletako 100 haur kantari ariko dira. Amaia Razkin biolin bakarlari etxarriarra izanen da emanaldian eta Jasone Etxebeste klarinetea. Guztiak Luis Orduñak zuzenduta (bi bandetako gidaria da) ariko dira. Emanaldia Felix Linares irrati eta telebista kazetariak aurkeztuko du. Aurretik bandarekin aritu izan dira Fernando Argenta eta Natxo de Felipe.
Elkarlanean
Haize Berriak banda eta Sakanako musika eskolen arteko elkarlanaren emaitza ere bada biharko kontzertua. Bandako zuzendaritzako kide batek harreman horren ardura du. “Musika eskoletako zuzendariekin hitz egiten du haien bidez musikari gazteak bandara joateko animatzeko”, azaldu du Josu Rubiok Beleixe Irratian (FM 107,3). Bandan argi dute Sakanako musika eskolak “ezinbestekoak direla ibarreko kultura eta musika bizitzarako.
Behar beharrezkoak dira abesbatzak, banda, txistulari talde, fanfarre eta abarrak kide berriz hornitzeko”. Horregatik, Jasone Etxebestek gaineratu du, “musika eskoletatik zenbat ikasle gehiago etorri Haize Berriak bandara, hobe. Salto txiki hori pixka bat kostatzen da”. Rubiok “beldurrik ez izateko” eskatu die, “hasieratik ez delako asko eskatzen”.
Herri dantzak
Haize Berriak bandak betidanik izan du piezak mustutzeko asmoa. Konpositoreenez aparte, Sakanako herri dantzen doinuen artxiboa moldatu nahi izan zuten. Hala, normalean txistuarekin jotzen diren piezak bandarekin jo ahal izateko moldatzen dira. Pieza aukeratu ondoren, herriko txistulariarekin harremanetan jartzen dira bandako kideak partiturak ote dauden. Hura lortu eta konpositore bati pasatzen diote, bandarako moldatu dezan. Jakina, Haize Berriak bandak pieza dagokion herrian mustutzen du.
Moldatu duten azkena Lakuntzako Alkate Dantza izan da, agorrilean mustu zena. San Saastin musika eskolako ikasleekin batera mustu zuten eta kintoek dantzatu egin zuten. Aurretik Etxarri Aranazko Dantzakia eta Altsasuko eta Olatzagutiko Zortzikoak moldatuak zituzten. Asmoa herri dantza guztien bilduma osatzea da.
Aktore bila
Haize Berriak bandak ilbeltzaren 2tik eta 5era Zatoz Agur! film laburra filmatuko du. Bandak aktore lanetan aritzeko 25 eta 30 urte bitarteko sakandar bat behar du. Joseba Salegi zinema zuzendari altsasuarra izanen da proiektuaren burua. Aktore izan nahi dutenek 649 435 487 telefonora hots egin diezaiokete.
Bazkideak
Urtean 15 euro ordainduta izan daiteke Haize Berriak bandako bazkidea.