Abenduaren 27an, larunbatarekin, 2014-2015 denboraldiko aurkezpena egin zuen Altsasuko Saskibaloi Klubak, CBASKek. Ekitaldi berean Juan José Marín Memoriala jokatu zen. Aurten 9 talde izanen ditu CBASK-ek: benjaminak, emakumeen minibasket maila, gizonezkoen minibasket maila, emakumezkoen haurren maila, gizonezkoen haurren maila, emakumezkoen kadete maila, gizonezkoen kadete maila eta gizonezkoen senior maila. Guztira 100 saskibaloi jokalari trebatuko dira CBASKen. Enrique Vilas da klubaren koordinatzailea.
Memoriala CBASK-endako
Aurkezpenaren ondoren Juan Jose Marin Memoriala jokatu zen, 2003an zendutako saskibaloi jokalari altsasuarraren omenez. Altsasuko CBASK taldeko seniorrak Araiako Alipendikoen kontra aritu ziren. Altsasuarrak gailendu ziren, 55-52. Atsedenaldietan CBASK-eko txikienak partidatxoak jokatu zituzten, eta bigarren eta hirugarren zatiaren atsedenaldian tripleen txapelketa jokatu zuten kadeteen mailako saskibaloi jokalariek. Daniel Marin izan zen txapelduna, memorialean omendutakoaren semea, hain zuzen. Bukaeran bildutako guztiak bapo merendatu zuten eta babesleek emandako sariak zozketatu ziren.