Iortia kultur gunea Altsasuko bizitza sozial eta kulturalaren dinamizatzaileetako bat izateko lanean jarraitzen du udalak. Eskaintza zabaltzeko ostegunak zinema ikuslearen eguna izendatu ditu. Gaurkotasunezko filmak 3 eurotan ikusteko aukera izanen da egun horretan, 19:00etatik aurrera.
Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkateak azaldu zigunez, joan den urtean Iortiako areto nagusian proiektore digital berria jartzea erabaki zuen udalak. Zinema banatzaile gehienak digitalean lan egiten dutelako, besteak beste. Joan den urteko lastailaren 10ean hasi zen lanean proiektore berria. Urrestarazuk azaldu duenez, “nabaritzen ari gara. Estreinaldiak azkarrago iristen zaizkigu eta merkeago ikusteko aukera dugu Altsasun”. Alkateak gaineratu duenez, “inbertsioaren harira udalean egindako hausnarketetako bat izan zen zinema zerbitzuaren eskaintza zabaldu behar zela”.
Elkarlanaren fruitua
Altsasuko Udalak zinema eskaintza elkarlanean zabaltzea erabaki zuen eta ikuslearen egunarekin prezioak jaistea. “Merkataritzak dinamizazioa behar du eta jendeak bertan kontsumitzea. Ostegunean jarri dugu, dendak zabalik dauden garaian”. Azaldu digu alkateak, gaineratuz, “ostegunetan tabernetan pintxo potea dugu”. Horregatik jo dute Altsasuko Dendarien Elkartearen (ADE) eta Xurrut, Alde Zaharreko tabernen elkartearengana.
Aldi berean, Urreztarazuk azaldu du Bierrik fundazioak Guaixe Komunikazioa zerbitzuaren bitartez iragartzeko euskarriak sortu dituela eta bere hedabideen bitartez, Guaixe astekaria eta Beleixe Irratia (FM 107,3), zabalkundean bere ekarpena eginen duela. “Lau eragileak elkartu gara eta bakoitzak bere aletxoa jarriko diogu eskaintza berri honi” azaldu du alkateak.
Sariak
Elkarlanaren eta inplikazioaren ondorio da sariak. ADEk astero zinemara etortzen diren guztien artean 20 euroko balea zozketatuko du. Xurruteko tabernek bi astean behin zinemarako sarrerak zozketatuko dituzte eta hileko beste bi astetan afariak zozketatuko dituzte. Zozketetan sartzeko zinema sarrerak erakutsi beharko dira.
Zinema eskaintza
Ostegunetako ikuslearen egunaz aparte, helduek astebururo bi film ikusteko aukera dute Iortia kultur gunean. Zine-klubeko filmak ostiralean 21:45ean eta domeketan 20:00etan ematen dituzte. Gaurkotasunezko filmak, berriz, ostiraletan 22:00etan eta domeketan, 20:10ean. Sarrera orokorrak 5 euro balio ditu. Bestalde, ikasle eta langabeek 4 euro ordaintzen dute (%20ko deskontua). Baina 3 sarrera (12 euro, hilabeteko iraupena), 5 sarrera (20 euro, hilabeteko iraupena gehienez bi sarrera emanaldiko) edo 8 sarrera (30 euro, bi hilabeteko iraupena gehienez bi sarrera emanaldiko) eskuratzeko aukera dago.
Haurrendako filmak domeketan, 17:00etan izaten dira. Sarrera orokorrak 3,5 euro balio ditu. Baina hilero kultur guneak eskaintzen duen familiarteko abonamenduarekin merkeago eskuratu daiteke.