Magia eta rock abentura

Guaixe 2015eko urtarrilaren 17a

Domekan, 17:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean.

Txanogorritxo rock antzezlana halaxe definitu du Tdiferencia antzerki taldeak. Iortiako eszenatokian taularatuko dutena ez da Txanogorritxoren betiko ipuina izanen. Etzikoa Txanogorritxo rockzalea da, barre egin eta zalapartarako gogo handia duena eta ipuinari buelta emanen diona. Eva Azpilikueta aktore altsasuarrarekin batera, Monika Torre eta Ainhoa Ruiz izanen dira gainontzeko pertsonaiak jokatuko dituztenak. Hirurak Migel Molinaren zuzendaritzapean ariko dira.

Jirabiran
Domekako emanaldia Jirabiran 2015 programako emanaldia da. Hura Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Antzoki Sarearekin elkarlanean, abian jarri du. Bi helburu ditu programak: Nafarroako konpainia profesionalen kontratazioa laguntzen bidez bultzatzea, baita Nafarroako Antzoki Sareak espazioetan duen programazioa areagotzeko ere.

Maiatza bitartean izanen den programaren aurreneko fasean, legegintzaldi honetan Nafarroako Gobernuaren Produkziorako Laguntzen Deialdiko diru-laguntza jaso duten konpainia profesionalak programatu dira. Irailetik abendura bigarren zatia izanen da eta fase horretan aurten diru-laguntza jasoko duten konpainien lanak programatuko dira.

Sakanan Jirabiran programako hiru emanaldirekin gozatzeko aukera izanen da. Domekako Altsasukoaz aparte, hilaren 24an, larunbatean, Pedro III.a ilusionistak Cruzando el espejo ikuskizuna ekarriko du Olatzagutira. Egun bat geroago, Irurtzungo kultur etxean, Producciones Maestras taldeak Tres arboles de piedra antzezlana jokatuko du.