Parkinsona gogoan izateko zuhaitzak

Guaixe 2015eko urtarrilaren 16a

50 zuhaitz landatu dituzte Dantzalekun, parkinson gaixotasunaren inguruan gizartea sentsibilizatzeko eta gaixo asko bizi diren isolamenduarekin apurtzeko

Parkinson gaixo asko daude Sakanan. “Gaixoen datuen babesa sekretupean dagoenez, jakin dezakeguna entzundakoaren araberakoa izan ohi da, baina 100 baino Parkinson gaixo gehiago egongo dira Sakanan” adierazi digu Nafarroako Parkinson elkarteko kide Kontxi Mendiluze altsasuarrak. Parkinson gaitza gizarteratzeko, patologiaren inguruan gizartea sentsibilizatzeko eta gaixo asko bizi diren isolamendu egoerarekin apurtzeko “Zuhaitz bat Parkinsonarengatik” kanpaina martxan jarri dute, eta Altsasuko Dantzalekun 50 zuhaitz landatu dituzte gaur goizean. Ekitaldia Nafarroako Parkinson Elkarteak (ANAPAR) eta Altsasuko Udalak antolatu dute.

Dantzalekuko Parkinsonaren aldeko zuhaitz landaketan Nafarroako Parkinson Elkarteko lehendakari Begoña Gomez eta koordinatzaile Sara Diez de Cerio izan dira, Sakanako elkarteko kide eta gaixoekin batera. Altsasuko alkate Garazi Urrestarazuk ongi etorria eman die, eta Enrike Zelaia musikari altsasuarrak, Amaia San Migel pandero jolearen laguntzaz giroa goxatu du, akordeoiaren laguntzaz. “Zuhaitzak gaixoa irudikatzen du, zailtasun eta traba guztien gainetik altxatzen dena, bizirik dagoena” adierazi dute elkartekoek. Ondoren, landaketari ekin diote. Guztira 50 zuhaitz landatu dira.

Parkinsona
Parkinsona gaitz neurodegeneratiboa da. Gutxinaka eguneroko gauzak egiteko arazoak dituzte gaixoek, eta menpeko pertsonak bihurtzera iristen dira. Nafarroan egun 2.243 gaixo daude, 100 baino gehiago Sakanan. Esaterako, Altsasun 43 gaixo daude, Etxarrin 22 eta Irurtzunen 41. Gaixotasuna isilean eta etxeko lau pareten barruan ez bizitzeko gonbitea egin diete Nafarraoako Parkinson Elkarteko ordezkariek gaixoei. “Elkartera hurbildu daitezela, gaixoen bizitza errazten duten ekintzak, ikastaroak eta beste antolatzen baititugu. Atera daitezela kalera, herrian bizia egin dezatela eta naturaz goza dezatela. Hori lortu nahi dugu ere zuhaitz landaketarekin” gaineratu zuten.