Gazte Asanblada gaztetxearen 25. urteurrenera begira

Guaixe 2015eko urtarrilaren 22a

Altsasuko gazteei gaztetxera joateko gonbitea luzatu die eta aurtengorako hainbat ekimen iragarri ditu.

Txikipolita kalean zegoen Sokorro etxea 1990eko lastailaren 5ean okupatu zuen Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) eta ordutik gaztetxea hartzen du eraikinak. Aurten mende laurdena beteko du eta horri begira jarri da AGA. Eta deia egin die gazte altsasuarrei: “lore sortak baino, muxuak, eta besarkadak baino, irudimena eta parte hartzea ditu gustuko gure etxeak. Zure gose da Gaztetxea”. Gaztetxera joatera animatu dituzte, “ekarri zuen ideiak eta ametsak, zuen desirak eta nahiak, zuen indar eta ahuldadeak, zuen musika eta artea…”

AGAk aurreratu du urtean barna makina bat ekimen burutuko dituela 25. urteurrena ospatzeko. Hilero zerbait izanen dela aurreratu du AGAk. Hala, otsailaren 11n, Porrotx pailazoa gaztetxean arratsalde pasa izanen da. Lastailerako erakusketa prestatu nahi dute eta hura osatzeko materiala izan dezaketenei deia luzatu diete argazkiak, bideoak, kamixetak eta bestelako materiala uzteko. Urtero antolatzen dituzten ekimenak ere bere tokia izanen dute AGAren urteko programazioan.