Drama eta komedia zoriontasunaz hitz egiteko

Guaixe 2015eko urtarrilaren 30a

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean

 

Bik gai bat hartu, haren gainean ikertu eta antzezlana idatzi dute, ondoren hura jokatzeko. Sortzaileak eta, aldi berean, aktoreak Pako Merino eta Diego Lorca dira. Titzina Teatre. Gaia zoriontasuna da. Baina handik abiatuta justizia, patua, gizakion arteko distantziak eta itxialdia moduko gaietara iritsi ziren. Drama eta komedia konbinatzen dituen antzezlanean jaso dute guztia: Distancia siete minutos. 

Hainbat historia kontatzen dituzte Merinok eta Lorcak obran. Curiosity espazio robotak lur hartzearekin batera, Felix epaile gazteak bere etxea utzi behar du, termiten izurrite bat dagoelako, eta egun batzuetarako gurasoen etxebizitzara joan beharko du. Epaitegietako galdeketek eta aitarekin bizitzeak funtsezko gaiak aterako dituzte azalera, hala nola justizia, patua eta zoriontasunaren iturriak. Epaitegiko kasuetatik epailearen gurasoen etxeko egoerara, aitarekin dituen elkarrizketetara eramanen gaituzte. 

Bikotearen dramaturgiak obran zehar mugarriak, zeharkako gaiak, agertzen dituzte, akaberako puzzleko piezak direnak. Obraren ezaugarriei dagokienez, bi aktoreek hainbat paper jokatzen dituzte, baina ez dago jantzi aldaketarik, ezta jokatzeko modua, ahotsa edo egoera eszenikorik ere. Oholtza gainean eszenografia mugikor baten laguntza dute bi aktoreek. Egoerak markatzen dituztenak eszenografiako elementuak eta argiztapena dira.