Altsasuko Frontoiko Zeharbideko 9. eraikineko pisu batean lapurreta izan zen ilbeltzaren 27an, 12:25 eta 12:35 artean. Indarkeria erabiliz egindako lapurreta izan zen. Lapurreta argitzeko Foruzaingoak altsasuarrei laguntza eskatu die. Bai egun hartan nola aurreko eta ondorengo egunetan ere “egoera, ibilgailu edo jarrera edo tokiagatik arraroak ziren pertsonak” ikusi zituztenek Foruzaingoari jakinaraztea eskatu dute. Horretarako 112 telefonora hots egitea eskatu dute. Deiak konfidentzialtasun gorenekoak direla ziurtatu dute ere. Foruzainek nabarmendu dutenez, “edozein informazio, txikia izanagatik ere, egilea identifikatze ikerketarako guztiz baliagarria izan daiteke”.