Sarreran Aitor Lara eta Nerea Navarro kintoen errege-erreginak eusten zioten zinta Garazi Urrestarazu alkateak moztuz, hala mustu dituzte Eroski Centerren egindako eraberritze lanak. Inguruan Eroski taldeko hainbat ordezkari eta Altsasuko Udaleko zinegotzi Unai Hualde eta Cristobal Lanz zeuden. Dendara sartu aurretik Aroa Ramos Flores kintoak aurreskua dantzatu du sarreran bertan.
Aurretik, Eroskiko eskualde arduradun Floren Bizkaik esan du denda “aldatu” dutela, “kontsumitzaileak eskatzen duenari egokitzeko”. Dendako arduradun Josune Bonok nabarmendu du Nafarroako 250 hornitzaile baino gehiagoren produktuak eskaintzen dituztela dendan. Bezeroen proposamenak, kezkak eta zalantzak 48 orduren buruan erantzuten dituztela azpimarratu du. Baita herriko hainbat ekimen eta jarduera aurrera eramateko Eroskik laguntza ere ematen duela.
Bizkaik gogora ekarri du 40 urte baino gehiago bete direla Eroskik Altsasun aurreneko denda zabaldu zuenetik. Duela 11 urte Intxostia Zeharbideko denda utzi eta gaur egungoa, Intxaurrondo plazakoa, mustu zuten. Aldaketak ekarri zuena laburbildu du Bizkaik: “zerbitzu handiago bat eman zuten, denda handiago batean eta gama ezberdinarekin”. Gaur egun dendan 20 langile kooperatibistak lan egiten dute eta aldikako beste 10 batek gehiago. Ekitaldiaren eta dendara egindako bisitaren ondoren Nafarroako ekoizleek euren mozkinak dastatzeko eskaini dituzte.