Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorrek eta Goienerko Joanes Maizak akordioa sinatu zuten herenegun. Karasatorrek gogora ekarri duenez, “Sakanako Plan Estrategikoan (SPE) etorkizunera begira adostutako ekintzak efizientzian, energia berriztagarrien sustapenean eta kultura energetiko berri baten lanketan oinarritzen dira”.
Iker Manterolak, Sakanako Garapen Agentziako (SGA) kideak akordio markoaren testuingurua zehaztu du: “SPEn zehar ikuspegi berdina duten eragileekin elkarlana eta ekonomia sozialeko ekimenak sustatzea izan da hobetsi den lan moldea”. Planean jasotako energiaren arloko helburuak lortzeko, beraz, Sakanako Garapen Agentzia Goienerko bazkide laguntzaile bihurtuko da.
Bi erakundeek “Sakanan energia berriztagarrien kontsumoa eta sorkuntza, aurrezpena eta eraginkortasuna” sustatuko dituztela jakinarazi digu Manterolak. Hala, aurreratu digu sentsibilizazio kanpainak eginen dituztela. Bestalde, sorkuntza sustatzeko elkarlanean ariko dira bi erakundeak. SGAren bidez energia hidroelektrikoa sortzeko gaitasunaren inguruko azterketa nahiko aurreratua dago. Eta hastear da haize energiari buruzkoa. Horien emaitzetan oinarrituta bi erakundeek aukerak aztertuko dituzte.
Aldaketa
Mank Goienerko bazkide kontsumitzaile bilakatu da, aurreko kontratuarekiko aurrezpena lortuz eta energia %100 berriztagarria kontsumituz.