Zelandiko haurrak Josefina Arregiko aiton-amonekin harremanetan

Guaixe 2015eko otsailaren 14a

Zelandiko ikasleak klinikako ariketa gelan. Argazkia: utzitakoa.

Zelandi eskolaren idatzia.

Urtarrila guretzat oso hilabete berezia izan da. Josefina Arregi klinikan dauden aiton-amona batzuekin proiektu bat aurrera atera dugu. Asmoa helduen gaitasunak baloratuz, haien autoestimua hobetzea zen. Baita Alzheimerra eta zahartze prozesuaz geroko jarrerak normaltzea. Guzti hau giro alai eta goxo batean eraman dugu.

Hiru saiotan banatu genuen proiektua. Lehenengoan klinikako mediku, gizarte langile eta psikologoek gaixo dauden aitona-amonek zer zuten eta nola tratatu behar genituen azaldu ziguten eskolan bertan, bideo interaktibo baten laguntzaz. Bigarrenean, zoragarria izan zen, aitona-amonak gure eskolara etorri ziren. Txikitan eskolan zer ikasi eta zertan aritzen ziren azaldu ziguten eta gurearekin alderatu genuen. Beraien gustuko jolasetaz ere aritu ginen. Guk soka saltoan eta ziben erabilera azaldu genien eta beraiek tabak eta kromoena.

Hirugarren saioan gu klinikara joan ginen. Ze poza, gure aitona-amona lagunak han ikustean asko poztu ginen. Agurtutakoan dituzten tresnak ezagutu eta erabili genituen: garabiak, gurpildun aulkiak, manguluak… eta bukatzeko, hainbat ariketa: eragiketak, memori jokoak , baloiaren bidezko jolasak… egin genituen. Zer gustura ibili garen gure aitona-amonekin!