Edurnerekin bat egiteko elkartasun ekitaldia

Guaixe 2015eko otsailaren 13a

Hainbat altsasuarrez inguratuta agertu zen Edurne prentsaurrekoan.

Gaur, 19:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Hilaren 25ean Donostian aginteari atentatua leporatuta epaituko duten Edurne Martinezi elkartasuna adierazteko dantza, antzerki, musika, bideoak eta bestelakoez osatutako ikuskizuna prestatu dute gaurko. Hala salatuko dute epaiketa. Edurnerekin bat dinamikak antolatu du eta altsasuarrak kultur gunera joatera animatu ditu.

Donostiako herri harresian Segiko kide izateagatik atxilotzeko agindua zuten gazteei babesa eta elkartasuna azaldu zieten makina bat gaztek duela bi urte. Haietako bat izan zen Martinez, Ertzaintzak atxilotu zuena. Harendako 15 hilabeteko espetxe zigorra eta isuna eskatzen dute. Edurnerekin bat dinamikatik adierazi dutenez, “mendeku politikaren ondorio garbia izan ziren orduko bi atxiloketak. Edozein izan zitekeen atxilotua”. Ondorengo herri harresietan ere akusazio berarekin atxilotuak izan zirela nabarmendu eta mobilizazio haietan erasotuak herri harresian parte hartzen zuten gazteak zirela nabarmendu dute. Ertzaintzari “euskal gazteria kriminalizatzeko inpunitate osoz” jokatzea egotzi diote.

Hurrengo deialdiak
Otsailaren 21ean, larunbatean, 13:00etan argazki erraldoia eginen da plazan.
Otsailaren 25ean, asteazkenean, goizean Donostiako auzitegira joateko deia.
                                                19:00etan kontzentrazioa Altsasuko udaletxe parean.