Aurtengo Altsasuko Kintoen izenean gutun hau idazten ari natzaizue. Badakizuenez, otsailaren 5etik 9ra gure festa ospatu dugu Altsasun. Gutun honen bidez gure sentimenduak azaldu nahi dizkizuegu, eskerrak eman eta baita barkamena eskatu ere.
Txikiak ginenetik momentu honekin amets egin izan dugu. Urteroko Kintoak enparantzan dantzan ikusten genituenean gure gogoak areagotu egiten ziren eta azkenean, hainbeste denbora itxaron ondoren gure urtea iritsi zaigu. Urtarrilaren 6an errege-erreginen zozketa egin genuen udaletxean. Guztiak elkartzean sentimendu desberdinak azaleratu zitzaizkigun: irrika, gogoa, urduritasuna, beldurra, zalantzak… Behin zozketa egin ondoren eta gure errege-erreginak edukita ametsa hasia zegoen. Entseguekin hastean izerdiak ikus zitezkeen eta nekagarria egiten zen egunero gaueko 9etan biltzea dantzari ekiteko, baina gure gogoak zirela medio irribarrea ez zen inoiz gure ahotik desagertzen. Konturatu gabe Otsailaren 5a iritsi zen denborak hegan egin balu bezala. Prestatze-lan izugarriak egin ondoren lanari eta festari ekiteko momentua iritsi zen. 5 egun zoragarri izan dira, familia izugarria bihurtu gara eta harreman oso politak daramazkigu gure bihotzetan hainbeste momentu elkarrekin igaro ondoren.
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu herritar guztioi. Otsailaren 5ean diru-biltzea egin genuen eta eguraldi kaskarra egon arren hor egon zineten guztiak zuen ekarpenak emateko. Badakigu krisi-egoera larrian gaudela, baina hala ere dirua emateko prest egon zineten eta eskertzekoa da.
Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiegu (milaka aldiz eman diegun arren) Santa Agedaren zati bihurtu diren Andoni eta Pilotori. Prest egon dira festa hasi zen momentutik laguntza eskaintzeko eta pazientzia izugarria izan dute gurekin. Afektuarekin tratatu gaituzte eta beraiek gabe hau guztia ez litzateke posiblea izango.
Azkenik, arestian esan dugun moduan barkamena eskatu nahi dizkizuegu sortu diren eragozpenengatik. Arazoak eta triskantzak egon diren arren, espero dugu jendearen iritzia ez aldatzea eta huts egin ez izana, jendea orokorrean pozik baitzegoen gurekin. Horregatik, damututa gaudela esan nahi dugu.
Besterik gabe, agur bero bat eta mila esker berriz ere.