Altsasuko Udalaren Emakumearen Bilguneak Martxoaren 8ra begira prestatu duen egitarauaren barruan hiru ikastaro daude. Haietan izena emateko epea heldu den astelehenean zabalduko da eta martxoaren 3ra arte egonen da irekia. Interesa duten pertsonek Emakumeen Bilgunera (948 564 823) edo 012 telefonoetara hots egin dezake.
Ikastaroak
Emakumeendako autodefentsa tailerra emanen du Cristina Lizarragak. Lau saiotan errespetua, konfiantza eta autoezagutza lantzeaz aparte, arlo fisikoa ere landuko dute. Ikastaroa martxoaren 5ean, 7an, 19an eta 21ean izanen da, ostegunetan 18:00etatik 20:00etara eta, larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara; Labadero eraikinean.
Bigarren ikastaroaren izenburua Sentitu, pentsatu, ekin eta mugitu feminismoan da. Feminismoan trebatzeko ikastaroak jarrera feminista zer den definitzen saiatu nahi du. “Gure buruaren jabe izateak zein adierazpen hartzen dituen eta zenbait kontraesani aurre egiten diogun feminismoan murgiltzeko hautua egiten dugunean”. Horrek guztiak emakumeen munduan egoteko eta jarduteko moduetan, jarreran duen isla aztertuko da, bereziki gorputzari eta mugimenduari erreparatuz, “eta burua eta arrazoia bezainbeste landuko dira gorputza eta emozioak”. Emagin elkarteak gidatutako tailerra martxoaren 14an, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etatik-18:00etara, Labadero eraikinean.
Azken ikastaroa irudiaren eta lengoaiaren erabilera ez sexista da. Irudiek eta lengoaiak norberaren mundu ikuskeran, praktiketan, jarreretan duten garantiza ikusi, irudiek duten indar sinbolikoa eta eraikitzailea aztertu, orain arte elkarte ezberdinek erabilitako irudiak, kartelak eta baliabide komunikatiboak aztertu eta hemendik aurrerako gomendioak eta proposamenak zehaztuko dira guztion atean. Elkarte, eragile zein norbanakoei zuzenduatako ikastaroa da. Martxoaren 17an eta 18an, 18:00etatik 20:00etara, Iortia kultur gunean eginen da.