Altsasuko mugimendu feministak Teresa Garcia Hernandezi buruzko hitzaldia antolatu du gaurko. Arrasateko Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak izanen dira hitza hartuko dutenak. XIX. mendeko azken bi hamarkadetan Altsasun irakasle izandako emakume hari buruzko argibideak emanen dituzte hainbat ikuspegietatik. Beti ere, Garcia ahanzturaren zulotik ateratzeko.
Kultur elkarteko Julia Mongek argitu digunez, Narcisa Teresa Garcia Hernandez 1860ko lastailaren 29an jaio zen, Zaragozan. Familia burges bateko alaba bakarra zen. Hiru urte zituela bere familia Iruñera lekualdatu zen, bizitokia Gaztelu plazan jarriz. Militarren arropak saltzeko negozioa jarri zuten.
Garciak haurretan Pablo Sarasate izan zuen piano irakasle. Etxeko negozioari segida eman beharrean irakasle-ikasketak egin zituen. 21 urterekin hasiko zen klaseak ematen, Altsasun. Irakurzaletasun handia zuen Garciak. Egiten zituen eskulanetan oso arduratsua zen. Antolatzaile ona, txukuna eta oso diziplinatua omen zen. Baita liberala eta oso fededuna ere.
Batera
Mongek azaldu digunez, 1881eko lastailean Altsasuko Udalak irakasleak kontratatzeko oposizio deialdia egin zuen. Hara aurkeztu zen Garcia. Abenduaren 11n jakin zuen nesken irakasle kargua berea zela. Oposizio berera aurkeztu zen baita Felix Arano Saez de Adana, gerora Garciaren senarra izanen zena. Abenduaren 4an jakin zuen Aranok udalaren irakasle kargua hartu zuen. Biak ere hurrengo urtean Labadero eraikinean mustuko ziren eskoletan ariko ziren klase ematen 3 eta 15 urteko neska-mutilei. Aranok, gainera, neguan helduekin aritu behar zuen.
Arano, liberala eta ez sinestuna, hiru urte zeramatzan Altsasun, 1879ko otsailaren 9an bitarteko irakasle lanean hasia baitzen. Udaletxean, Gure Etxea eraikinean, zegoen eskolan aritu zen. Arano Agurainen jaio zen 1857ko azaroaren 20an. Familia oso xumekoa zen eta Luisa izeneko arreba zuen. Agurainen irakasle izan zuen Marcos Sagastik bere biografian Aranoren jakinduria, zintzotasuna, lanerako gogoa eta izaeraren ontasuna nabarmendu zituen. Baita hizlari bikaina zela, idaztea ez zuela gogokoa eta, batez ere, harreman pertsonalak gogoko zituela. Pertsona adoretsu eta dinamiko gisa deskribatu zuen Arano Sagastik, baina diziplina gutxikoa. Ibiltaria omen zen.
Garcia-Arano irakasle bikoteak bi hamarkada egin zituzten Altsasun lanean. Orduan jakin zuten Pedro Viterik Arrasaten Europako pentsamendu ilustratuan oinarritutako Biteri eskola sortuko zutela. Eskola libre eta laikoak. Egitasmoaren sustatzailearen ideia berritzaile eta pedagogia irizpide berak zituztenez aurkeztea erabaki zuten. Oposizioetara aurkeztu ziren beste 245 gizon-emakumerekin batera. 1902ko apirilean 23 irakasle aukeratu zituzten eta Garcia-Arano bikoteak plaza bana eskuratu zuten.
Altsasuko Udalak 1902ko garilaren 29an ordaindu zion azken soldata bikoteari. Aranok 23 eta Garciak 21 urte egin zituzten Altsasun irakasle. Bizitza guztia irakaskuntzari eskaini zioten. Garcia, 64 urte zituela, 1924ko apirilaren 26a hartu zuen erretiroa. Aranok 70ekin, 1927ko abenduaren 1ean.
Metodo berriak irakaskuntzan
Monjek azaldu digunez, bikotea “hezkuntzari kutsu erlijiosoa kentzearen aldekoa zen. Haien ustez arrazoia zegoen iluntasunaren gainetik”. Kanpo diziplinaren ordez gela barruko betebehar morala sustatu zutela gaineratu du: “hezkuntza ezin da zigorretan oinarritu, zuzenketan eta erreforman baizik. Irakasleen eta ikasleen arteko elkarrizketa familiar eta informalean uste osoa zuten. Eta ikasleengan gauzak aurkitzeko izpiritua piztu nahi zuten”.
Hala, ikasketa programan antropologia, teknologia, gizarte zientziak, ekonomia, artea, marrazkia, kantua eta orratz lanak sartu zituzten. Enarak etorri eta joaten zirenean festa ematen zieten ikasleei. Poesia errezitaldiak sustatzen zituzten, buruko kalkuluarekin batera. Boluntarioen bitartez abstemioen kluba sortu zuten.
Irakasle hasi ziren garaiak ekarri dizkigu gogora Mongek: “botere zibilaren aurretik apaiza jartzen zuten kontserbadoreen eta estatu eta irakaskuntza arloan apaizak ez nahastearen aldeko ziren liberalen artean borroka ideologikoa oso presente zegoen gizartean”. Zehaztapena egin nahi izan du Mongek: “liberalak ez zeuden erlijioaren kontra, klerikalismoaren kontra baizik”.
Garcia, garaiko feminista
Gaur egun generoen arteko berdintasun faltaz ari bagara, XIX. mendearen bigarren erdialdean egoera askoz ere okerragoa zen. Elizaren eraginpean zegoen irakaskuntza emakumezkoak bigarren mailan zeuden. Hezkuntzaren bidez emakume “ezkondu, etxeko erregina, ama ona, errukiorra eta emazte ona” lortu nahi zirela aipatu digu Mongek. 1889ko Kode Zibilia ekarri du gogora: “emakume ezkonduek ez duten autonomia pertsonalik eta haien ondasunak eta diru sarrerak senarrak administratu behar zituen”.
Garai hartan aberatsen alabek soilik zuten gizartean parte hartzeko aukera ongintza edo karitate elkarteen bidez. Kargu publikoetatik baztertuta eta boto emateko eskubiderik gabe (Espainian 1933ko azarotik indarrean dago). XIX. mende akaberan sortu zen mugimendu feministaren aurreneko eskaeretako bat, boto eskubidearekin batea, emakumeen irakaskuntzarako sarbidea izan zen. “Testu inguru horretan, emakume gutxi zebilen irakaskuntzan. Garciak eredu emanez aldarrikatu zuen ordura arte gizonezkoendako ziren lanbideetan aritzeko gaitasuna zuela”.
Arano bai, Garcia ez
Garciak garai hartan izandako “irakaskuntzan eta senarrarekin izandako eginkizun garrantzitsua” nabarmendu du Monjek. “Diziplina kontuetan Garcia Aranoren osagarria zen. Aranok ez zuen gustuko idaztea. Garciagatik ez balitz, Aranok ez zuen idatziz egin zuen ekarpen bakarra idatziko: Eusko Ikaskuntzaren II. kongresuan, Iruñean 1920ko garilaren 18tik 25era, buru kalkuluari buruzko lana”.
Monjeren arabera, “Garciak behartzen zuen Arano jasotzen zuen gutun guztiei erantzuna ematera. Arlo pribatuan gelditu da ahulaldietan Garciak Arano laguntzen eta bultzatzen zuela”. Garciak irakaskuntzan egindako lana ere “oso gordeta, ezkutuan” gelditu dela nabarmendu du Monjek; “garai hartan gizonek bakarrik betetzen zituzten kargu publikoak; emakumeak ezarritako ereduak hautsi arren ez zituzten aintzat hartzen. Horixe gertatu zen Garciarekin”. Altsasun itzal ahaztu ezina utzi zuen bikoteak. Aranori udalak kale bat eskaini zion. Ez, ordea, Garciari.