Dirua gordetzeko balio duten Euskal Herriko eta munduko 50 diru-zorrok osatzen dute Diruaren sexu ezkutua erakusketa. Gizarteko esparru guztietako diru-zorroak dira ikusgai izanen direnak. Batzuk XVIII. eta XIX. mendekoak dira. Guztiek dute ahoa, dirua sartu eta ateratzeko. Eta guztiek dute zulo bat, ikusezina. Generoarena.
Diru-zorroak elementu sinboliko gisa hartuta, “generoko zulotik” ihes egindakoa agerian utzi nahi du erakusketak. Izan ere, gizonezkoek eta emakumezkoek arrazoi soziokulturalengatik diruaren erabilera ezberdina egin baitugu orain arte; gizonezkoek “diru handia” kontrolatu izan dute, emakumezkoek, berriz, “diru txikia, txanponak”, hau da, etxeko ekonomia.
Emakumezkoen ekonomia-autonomia denboran zehar nola ehundu duten ikusteko aukera ematen du erakusketak. Diru-zorroak, aldi berean, euskal emakumezkoen memoria historikoa berreskuratzeko balio du; ekonomiaren sortzaile gisa eta poltsikoko diruaren erabiltzaile gisa azaleratuko zaigu. Diru-zorroen atzean dauden emakumezko euskaldunen istorio “esanguratsu, erreal eta indartsuak” jaso dira. Historia-memoria jasotzeko beste modu bat. Haurralde fundazioak sortu du erakusketa, garapena sortzen duten emakumezkoak proiektuaren barruan.
Dokumentala
Erakusketarekin batera, Iortia kultur gunean Haurralde Fundazioak zuzendu eta filmaturiko dokumentala ere ikusgai izanen da: Larre motzean. Lan horrek Euskal Herriko garapenean lagundu duten emakume ezezagunen istorioak biltzen ditu. Dokumentala baserrietako bizitza ezagutzera gonbidatzen du ikuslea; egunsentitik iluntze arte, lana, ametsak denbora gutxi dute amestuak izateko, eta bizitza, erditze, uzta, bizitza eta heriotzen artean igarotzen da. Emakumeen eskutik burututako, aurkeztutako, grabatutako eta ekoiztutako dokumentala; Haurralde Fundazioak zuzendu eta filmatua.
Ikasleak
Erakusketa eta dokumentala Iortia kultur gunean dauden bitartean Altsasuko ikastetxeetako DBHko ikasleek haiek ikustera pasako dira. Haurralde fundazioak unitate didaktiko bat prestatu du eta horren inguruan ariko dira. Erakusketa joan den urtean ekoiztu bazuten ere, hari lotutako unitate didaktikoa aurten sortu dute eta Altsasun mustuko dute.