Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aurkezpena

Guaixe 2015eko otsailaren 23a

Karta prestatzeko Sakanan egindako bileretako bat. Argazkia: Artxiboa.

Bihar, 19:00etan Altsasuko Gure Etxea ereikinean haren egoera, edukiak eta datozen erronkak azalduko ditu Iñaki Morenok.

Hego Euskal Herriko makina bat gizarte- eta langile-erakunderen sinatu duen agiria da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Guztiek ere, “bizitzaren sustengua erdigunean jarriko duen gizarte eredua” defendatzen dute. Horregatik, Kartan norabide horretan aurrera egiteko neurri zehatzak proposatu dituzte hainbat arlotan: aurrekontu eta politika fiskal eta sozialen aldaketa; kalitatezko enplegua sortzeko politika; jendartearen parte hartzea bermatzea; bizitzaren jasangarritasuna eta ongizatea sustatzea eta, azkenik, demokrazia eta eskubide kulturalen defentsa eta horiekiko konpromisoa.  

Kartaren sustatzaileen iritziz, “aliantza sindikal eta sozial indartsua behar da, proposamenak egin eta lehentasunak adosteko gaitasunarekin”. Zeregin horretan “Karta oinarrizko tresna da, Euskal Herrian ezartzen diren politikak errotik aldatzeko beharrizanetik abiatu eta gure gizarte eredu alternatiboa jasotzen duena”. Gobernuek ezarritako “politika antisozialek pobrezia eta aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa” ekartzen dutela salatu dute. Horregatik, Kartaren sinatzaileek Hego Euskal Herriko gobernuei eskatu diete “alternatiba errealen eztabaida ez ekiditeko”, horrela “aldaketa soziala eragozten” ari direlako.