Duela bi urteko Donostiako aske gunean atxilotzeko agindua zuten sei gazte babesteko herri harresia osatu zuten ehunka gaztek. Harresi hartan parte hartu zuen Edurne Martinezek. Ertzaintzak atxilotu eta agintearen kontrako atentatua leporatu zion. Altsasuarra asteazkenean epaituko dute. 15 hilabeteko espetxe zigor eskaera eta isuna eskatzen dute harendako.
Epaiketa salatzeko Edurnerekin bat dinamika martxan jarri zen. Donostiako herri harresian atxilotu zituzten bi gazteak “muntai polizial eta mendeku politikaren ondorio garbia” direla uste dute, “izan ere, edozein izan zitekeen atxilotua. Eta ondorengo herri harresietan ere akusazio berarekin beste hainbat atxilotu egon dira”. Euskal gazteriaren “kriminalizazio” saioak salatu dituzte dinamikatik.
Deialdiak
Edurnerekin bat dinamikak antolatu dituen ekimenetan parte hartzera deitu ditu altsasuarrak. Bihar, 13:00etan, Foru plazan argazki erraldoia eginen da. Bazkaria ere iragarria dago. Asteazken goizean Donostiako auzitegira joateko deia ere egin du dinamikak. Asteazkenean, bertan, 19:00etan Altsasuko udaletxe aurrean kontzentrazioa eginen da.